2026-06-18
HomeEkintza SindikalaSindikalismo ekosozialistarako proposamena aurkeztu du LABek

Sindikalismo ekosozialistarako proposamena aurkeztu du LABek

LABek hipotesi batean oinarrituta egin du bidea: posible da energiaren eta materialen kontsumoan desaztea eta langile sektore zabalentzat bizi baldintza onak eraikitzea, baina, horretarako, planifikazioa, jabetza publikoa eta langileen parte hartzea oinarri, merkatuak gidatuta garatu nahi den trantsizio eredua disputatzea beharrezkoa da.

Krisi ekologikoak bere hausnarketan eta praxi ekosozialistan sakontzera behartzen du euskal sindikalismoa, eta erronka horri heldu dio LABek. Lan horretan murgildu da azken urteotan sindikatua, eta, orain, trantsizio ekosozialera egokitutako bere ekintza soziosindikala lurreratu nahi du. Norabide horretan, sindikalismo ekosozialistarako duen proposamena aurkeztu du gaur Bilbon, trantsizio ekosozialarekin konprometitutako hainbat norbanako eta eragileren aurrean; azken horien artean, Jauzi Ekosoziala, Subflubialari Ez, Bilgune Feminista, Kapitalari planto eta Ekopol.

Honakoa da LABen hipotesia: posible da energiaren eta materialen kontsumoan desaztea eta langile sektore zabalentzat bizi baldintza onak eraikitzea. Horretarako, baina, langileek trantsizio eredua disputatu behar dute, egun merkatu mekanismoek gidatua, desorekatua, ez nahikoa eta injustua dena.

Hipotesi hori oinarri, otsailean, Biltzar Arteko Batzarrean bizi dugun egoeraren diagnostikoa egin, eta krisi ekologikoa, horrek sisteman duen eragina eta enpresen zein gobernuen erantzunak aztertu zituzten LABeko 500 kidek, baita sindikalismo ekosozialistatik egoerari nola erantzun hausnartu ere. Ariketa horren ondoren, LABek bere proposamen ideologikoa zehaztu du, eta lan ildo nagusiak identifikatu.

Honako hauek dira LABen sindikalismo ekosozialista gurutzatuko duten baieztapen nagusiak:

  • Egungo eta etorkizuneko gatazka politiko, sozial eta sindikal guztiak larrialdi ekologikoak zeharkatuko ditu, eta, beraz, ekintza soziosindikalean begirada ekosozialista berezkoa bihurtu behar da.
  • Planifikazioa, langileon parte-hartzea eta jabetza publikoa. Horiek dira trantsizioa langileon interesen alde egingo dela bermatuko duten aldagai nagusiak.
  • Gaurdanik jakin dezakegu zein diren eraldatu beharreko sektoreak. Horietan ekintza sindikala garatzeko gakoak izango dira: gatazkei aurre hartzea, trantsizio ekologikoa aintzat hartuz epe luzeko plangintza eta proposamenak egitea, betiere borrokak aktibatuz, langileen eskubideak bermatuz eta langileen protagonismoa bultzatuz.
  • Patronalak murrizketak, kaleratzeak edo itxierak planteatzen dituenean, borrokak ikuspegi ekosozialarekin aktibatuko ditu LABek. Enpresaren ardura adieraziko du (baita instituzioena ere), eraldaketa produktiborako proposamenak aldarrikatu edota propioak garatuko ditu. Proposamen horietan langileon enplegu eskubidea aldarrikatuko du.
  • Sektore guztietan negoziazio kolektiboa ikuspegi ekologistaz bustiko du. Zentzu horretan, lan osasuna, mugikortasuna, isurpenen zein energiaren eta materialen erabileraren diagnostikoa eta ekoizpenaren eraldaketari heltzeko eztabaida-esparruen sorrera borrokatuko ditu nagusiki.
  • Barne kulturan eta antolaketan erabakiak hartuko ditu LABek, trantsizio ekosozialistarako tresna eraginkorragoa izateko bidean.

Hausnarketa honen bidez, LABek bere burua prestatu nahi du indar gehien duen eremutik eragiteko; lan zentroetatik, hain zuzen.

Borroka ekologistarekin sindikatuaren izaera propiotik bat egitea da LABek bere buruari jarri dion erronka: batetik, tokiko gatazka eta borroka ekologistetan begirada soziosindikalarekin arituz; eta, bestetik, gatazka sindikalak lurraldean ere trantsizio ekosozialaren ikuspegitik landuz.

Halaber, eraldaketa ekosozial justuaren aldeko aliantza sakon eta landuen aldeko konpromisoa berresten du LABek, euskal langileon lan eta bizi baldintza duinak bermatzuko dituen trantsizio ekosozial justua, hain zuzen ere.

Hemen duzue proposamena osorik, irakurgai:

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.