2024-05-04
HomeLAB SindikatuaDelegatuen BatzarraHazten jarraitu nahi dugu Nafarroan, aldaketarako tresna indartsuagoa izateko #ZureBideLagun

Hazten jarraitu nahi dugu Nafarroan, aldaketarako tresna indartsuagoa izateko #ZureBideLagun

Delegatuen batzarrak deitu ditugu egunotarako, kurtso berriaren etorrerarekin, sindikatuaren erronkei eta hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz aritzeko. Gipuzkoako batzarrarekin ekin genion astelehenean errondari, Araba eta Ipar Euskal Herrian egindako batzarrekin eman genion jarraipena asteartean eta asteazkenean, eta, gaur, Nafarroako delegatuen batzarraren txanda izan da.

Iruñean egin dugu Nafarroako delegatuen Batzarra, Sanduzelaiko Civivox-en. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak hartu dute hitza, Nafarroako hainbat ordezkarirekin batera.

Hauteskunde sindikaletako epealdi trinkora erronkei dagokionez, ikasturte honetan helburua ordezkaritzaren %16 zela esan dute. Kontua da jada kpuru hori gainditu dugula eta LAB 1.000 ordezkaritik gertu dagoela Nafarroan. "Sindikatuak inoiz baino ordezkaritza handiagoa dauka, eta hazten jarraitu nahi dugu", adierazi dugu. "Nafarroan bilakaera izugarria izan da, 2 puntu baino gehiagoko igoera, ia%14tik %16ra, epealdi honetan gehien igo garen sindikatua izanik", zehaztu dugu. "Nafarroan 1.000 delegatuetara igotzea litzateke erronka berria, hau da, 34 delegatu gehiago lortzea. Horrek %16,52ra igotzea suposatuko luke, 0,6 puntuko igoera", erantsi dugu.

Datuak datu, langileen lekukotasunek ere izan dute tartea batzarrean. "Hazten jarraitu nahi dugu, bai. Baina guretzat haztea ez da helburu bat bere baitan. Guretzat sindikatua borroka sindikala eta aldaketa soziala sustatzeko tresna bat da. Gero eta indar gehiago izan nahi dugu, lantokiz lantoki aldaketak eragin nahi ditugulako; aldaketa handiak eta aldaketa txikiak", azaldu dugu, eta horren inguruan mintzatu dira bost enpresa desberdinetako ordezkariak: Huertas de Peralta, Sin Fronteras, Decahtlon, INSS eta Foru Administrazioa.

Huertas de Peralta Nafarroako hegoaldeko enpresa nagusietako bat da. Orain arte ez dute ordezkaritza sindikalik izan eta antolatzen hasi dira. Sin Fronteras, Soziokomunitario sektoreko enpresa bat da. LAB asko hazten ari da sektore honetan. Decahtlon, berriz, gazteen lan prekarioan oinarritzen den enpresa dugu. LABek gehiengoa lortu zuen duela urte batzuk. INSS, aldiz, Volkswagenekoazpikontrata da. Foru Administrazioa, bere aldetik, bertan, LAB lehen indarra izan zen duela hiru urte. "Bost adibide hauek aipatu ditugu argi erakusten dutelako LAB hauteskundeetan lortzen duen indarra aldaketa txikiak eta aldaketa handiak eragiteko baliagarria dela. Baina ez dugu kasu hauetan gelditu nahi. Azken urteotan LABen izenean aurkeztu eta lantokian LABen egitasmo sindikala garatzeko lan egin duten guztiei egin nahi diegu aitortza. Lorpenak izan dituztenei nahiz korrontearen kontra borrokatu behar izan dituztenei. Denei esker, Nafarroan badago alternatiba", nabarmendu dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.