2026-08-12
HomeEkintza Sindikala0-3ko euskarazko plaza gehiago bai, baina honela ez

0-3ko euskarazko plaza gehiago bai, baina honela ez

Iruñeko udal haur-eskoletan euskarazko plazen eskaintza zabalduko da. Plaza berriak eskola mistoetan eskainiko dira, non euskarazko eta gaztelaniazko lerroak elkarrekin biziko diren.

LABetik uste dugu neurri honek Iruñeko familia gehiagori aukera emango diela seme-alabak euskaraz matrikulatzeko, eta zentzu horretan positibotzat jotzen dugu. Hala ere, ez gaude ados plaza hauek eskola mistoetan eskaintzearekin.

Iruñeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek ongi aski dakite, langileen batzordeen edo udal haur-eskoletako hamabi zuzendaritzen bitartez jakin dutelako, hizkuntza bakarreko eskola-eredua aho batez defendatzen dugula.

Eredu honek antolaketa pedagogiko hobea ahalbidetzen du, haurrak adin-tarte txikien arabera biltzen direlako, haien beharren arabera garapen egokiagoa bermatuz. Gainera, hizkuntza bat eskuratzeko, murgiltze osoa ezinbestekoa da; hau da, ingurune pedagogikoan hizkuntza hori bakarrik entzun eta erabili behar da.

Euskararen kasuan, murgiltze linguistikoa funtsezkoa da ikaskuntza bermatzeko. Eredu mistoetan, non hainbat hizkuntza erabiltzen diren, errealitateak erakusten du gaztelania nagusitzen dela eguneroko bizitzan, eta horrek zaildu egiten du euskararen eskuratzea. Horrez gain, eredu horrek barne tentsioak sor ditzake lan-taldeetan.

Eskoletako zuzendaritzen esperientziaren arabera, hizkuntza bakarreko zentroen kudeaketa askoz ere eraginkorragoa da. Eskola mistoetan, antolaketa zailagoa da, bi irekitze eta bi ixte egin behar direlako, eta hizkuntza ezberdinetako taldeek ezin dituztelako espazio komunak partekatu, zentroaren eraginkortasuna mugatuz. Gainera, eredu horrek gastu ekonomiko handiagoa dakar eguneroko kudeaketan, zentroen funtzionamendurako aurrekontuak areagotuz.

Horregatik guztiagatik eskatzen diegu talde politikoei entzun diezagutela haur-eskolen kolektiboa osatzen dugunoi, gu garelako eskoletako egunerokoa hobekien ezagutzen dugunak zein den, eta soilik horrela bermatuko baita hartzen dituzten erabakiak gure errealitatean oinarrituak izan daitezela. Era berean eskatzen dugu utz ditzatela alde batera zenbait taldek defendatzen dituzten jarrera politikoak. Izan ere, bizikidetzaren alde egiten dutela defendatu arren, haien ekintzen oinarrian euskarafobiarik itsuena baino ez baitago.

Azkenik, honakoa azpimarratu nahiko genuke, argi gera dadin: haur-hezkuntzan eragina duten politikak diseinatzeko, ezinbestekoa da komunitatea osatzen dugunon esperientzia eta zentroen hezkuntza- zein antolaketa-beharren ezagutza zuzena kontuan hartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mugikortasun arriskuek eta prekaritateak lan koktel hilgarria osatzen dutela salatu dugu

LAB sindikatuak jakin duenez, Said El Hadi 42 urteko Funeseko bizilaguna hilaren 5ean hil zen Azkoienen, zirkulazio-istripu batean, eta, egiaz, in itinere lan-istripu baten...

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...

Osasunbideak ez ditu hizkuntzak baloratzen langile fakultatiboen deialdietan

Hizkuntzen balorazioa ezartzen duen araudi berriaren aplikazioari zor zaio. Azken hau euskararen dekretu gisa ezagutzen da. 2025ean horren inkoherentzia eta bidegabekeriak salatu genituen, eta...