2026-10-02
HomeIndustriaMetalgintzaEz ditugu onartzen Trumpen muga-zergei aurre egiteko Tubos Reunidosek planteatutako neurriak

Ez ditugu onartzen Trumpen muga-zergei aurre egiteko Tubos Reunidosek planteatutako neurriak

Atzo uztailaren 19an enpresak Trumpen muga-zergei aurre egiteko neurri batzuk aurkeztu ondoren, Tubos Reunidoseko langileok gure eskubideak murrizteko ahalegin berri baten lekuko izan ginen. Enegarrenez, Zuzendaritzark enpresa-batzordeari eskatu zion bere betiko bidetik doazen neurri batzuk ontzat emateko, langileon prekarietatea handitzea suposatzen dutenak, hain zuzen ere.

Berriz ere eta oporren atarian, langileon artean ziurgabetasuna besterik sortzen ez duten neurri batzuk mahai gaineratu zizkiguten, beste behin erakutsiz zein den bere “fede ona”.

• Lehena Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat da, oraingoan 21 hilabetetarako eta 2002an Bushen administrazioak inposatu zituen muga-zergen iraupenarekin kointziditzen duena.

• Bigarrena malgutasuna da.

• Hirugarrena langileon mugikortasuna.

• Laugarrena deslokalizazioa da orain arte TRIn egin izan diren lanak kanpora ateratzean oinarritzen dena eta etorkizun oso hurbilean EEBBetara bidali nahi dituztenak.

Suposatzen dugu aipatu plana momentu honetan aurkeztea ez dela kointzidentzia hutsa. Zuzendaritza honek erakutsi du badakiela denborak ondo erabiltzen. “Oso gogor ari gara honetan lanean” edo “ez dugu ezer berririk” bezalako esaldiekin, gain izan dira iazko urritik hona hitzarmenaren ez negoziazio bat luzatzeko 30 bilera baino gehiagorekin, guztien artean 8 ordu baino gehiago iraun ez dutenak. Baina neurriak datoz aurtengo urterako aurrekonturatutako tona gehienak honezkero lantegitik atera direnean.

LABek datorren astelehena, uztailaren 23ko bilerara eramango duen jarrera oso argia da:

– TRIko zuzendaritzari, gure hitzarmena desblokeatzea eta benetan eta fede onez negoziazio mahaian esertzea eskatzen diogu. Hau da zabalik dagoen negoziazioa eta lehenbailehen itxi beharko litzatekeena.

– Tubos Reunidoseko zuzendaritza batzordeari exijitzen diogu langileontzako lan eskubideen murrizketarik izango ez duen plan industrial jar dezala mahai gainean.

– Akziodunei eskatzen diegu euren gain har ditzatela muga-zergek Tubos Reunidosen ekarriko dituzten gastuak.

– Dei egiten diogu enpresa-batzordeari gainontzeko langileekin parteka dezala aurkitzen garen egoera, guztion artean, egin diguten enegarren erasoari aurre egiteko.

– Langileei dei egiten diegu mobilizazioaren bidez gure eskubide guztiak defendatzera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.