2026-10-14
HomeEkintza SindikalaGreba eguna Nafarroako irakaskuntza publikoan

Greba eguna Nafarroako irakaskuntza publikoan

Hezkuntza publikoaren alde, greba egin dute gaur Nafarroako sektore publikoko irakasleek. Jarraian irakur dezakezue Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren aitzinean egindako manifestazioan irakurri duten oharra.

Carlos Gimenok -Hezkuntza Departamentuko Kontseilariak- esaten duenaren kontra, badira urteak Hezkuntza Publikoaren baldintzak gainbehera doazela. Hemen gauden sindikatuok eta irakasleok oso garbi dugu zein diren Nafarroako Hezkuntzak dituen beharrak eta zein izan behar diren lehentasunak. Eta horiek helarazitako aldarrikapenetan islatzen dira. Soilik inbertsioa eta negoziatzeko borondatea behar da aldarrikapen horiek hurrengo ikasturteetan aplikatzeko, eta ez Departamentuan topatu dugun jarrera itxia eta oldarkorra. Izan ere, negoziatu beharrean aitzakiak, inposizioa eta txantaia izan da haien erantzuna.

Irailean elkarrekin hasi genuen bideak, bi mobilizazio indartsuekin, Departamentua negoziatzen esertzera behartu zuen, baina irakaslegoaren eskaerei muzin eginez eta estrategia oztopatzailea erabiliz Kontseilariak bide hori moztu zuen azaroan eta erabaki zuen aurrera egitea gutxiengo sindikalak sinatutako akordio arriskutsu batekin. Ez da, beraz, benetako negoziariorik egon.

Departamentuak orain Hezkuntzarako Itun berria nahi du, baina beraiek epea, gaiak eta egutegia markatu dituzte, horrela joko arauak guztiz baldintzaturik. Eta partida horrela jokatzea oso zaila da.

Zein da Itun berriaren helburua? Murrizketak egitea? Hezkuntza publikoa gehiago kaltetu? Gure lan baldintzak gehiago okertu? Zalantza handiak ditugu aurreko Itunean jasota dauden hainbat neurri ez baitituzte bete. Zertarako Itun berri bat aurrekoa oraindik betegabe dagoenean?

Argi utzi nahi dugu irakasleok ez dugula atzerapausorik onartuko eta tinko jarraituko dugula borrokan Nafarroako Hezkuntza Publikoaren alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.