2024-05-26
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaIkerketa independente bat eskatu dugu, Osakidetza ez delako fidatzekoa

Ikerketa independente bat eskatu dugu, Osakidetza ez delako fidatzekoa

Osakidetzaren egoeraren inguruko irakurketa orokorraren berri eman dugu gaur Bilbon. Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik eta Osakidetzako delegatu Bego Aranzastik kronologia bat eman dute, aferaren larritasuna nabarmentzeaz gain.

Osakidetza ez dela fidatzekoa argi geratu dela nabarmendu dugu gaurko agerraldian; ebidentziak ukatu ditu, bertsioak aldatu egin ditu, bilera eskaerei ez die erantzunik eman… Honez gain, datu bat eman dugu, fidagarritasun eza horren adibide: afera honen aurretik publiko zegoen informazio bat jada ez dago eskuragarri. Hain zuzen ere, informazio horren bitartez egin ahal izan zuen LABek bere txostena, baina, eskandalua piztu zen unetik, ezkutatu dute.

Agerraldian, gertaeren kronologia osoa egin dugu, Osakidetzaren jarrera agerian uzteko.

Kronologia
• Lehenengo susmoak. Balizko irregulartasunen lehenengo informazioak orain dela hilabetea heldu zitzaizkigun, fakultatibo batzuen eskutik. Oraindik ez zeuden argitaraturik azterketen emaitzak. Momentu horretan informazioak jasotzen hasi ginen.

• Txosten estatistikoa. Behin azterketen notak argitaraturik, fakultatibo espezialista kategoria batzuen emaitzak estatistikoki aztertu genituen eta txostena osatu genuen. Txosten horretan nahiko argi gelditzen zen filtrazioen aukera, are nabariago bigarren ariketetan (kategoria bakoitzeko epaimahaiek egiten duten proba) lehenengo ariketetan baino (IVAPek eginak).

Honen harira azpimarratu behar dugu OPE honetan lehenengo ariketa IVAPek egin izana irregulartasunak detektatzeko gakoa izan dela; izan ere, nahiz eta IVAPen probetan ere filtrazioren bat detektatu dugun, bigarren ariketetan topatu ditugunak begi bistakoak izan dira, hau baitzen modu bakarra pertsona zehatz batzuek plaza atera ahal izateko.

• Osakidetzari bilera. Maiatzaren 31an, osteguna, Osakidetzako zuzendaritzari modu urgentean biltzeko eskaera egin genion idatziz, argi utziz fakultatibo espezialisten zenbait kategoriatan topatutako irregulartasunei buruz hitz egiteko zela. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

• Inpugnazioa. Ekainaren 1ean, ostirala, inpugnazio idatzia erregistratu genuen Osakidetzan, goizeko 9.30ean. Argi utzi genuen zein zen gaia. Beraz, egun horretatik bertatik Osakidetzak bazeukan behintzat gure salaketa esku artean. Idazki honi ez diote oraindik erantzun ezta ere.

Puntu honetan Darpon jauna zein Osakidetzako zuzendariaren ardura falta azpimarratu nahi dugu, behin eta berriro gezurra esan dutelako salaketa zegoenik ezeztatuz asteazkenera arte. Jarrera hauek zalantzan ipintzen dute Osakidetzak burutzen duen ikerketaren inpartzialtasuna eta, era berean, Darpon jauna zein Mujika anderearen egokitasuna okupatzen dituzten karguetarako.

• Osakidetzari txostena. Osakidetzaren aldetik inolako erantzunik ez genuenez, ekainaren 4an emailez bidali genion Zuzendaritzari gure txosten estatistikoa.

• EH Bildu. Modu paraleloan, EH Bildurekin batzartu ginen eta geneuzkan datuak eskuratu genizkien, euren taldeak Darponen azalpenak eska zitzala legebiltzarrean.

• Fakultatiboen testigantzak. Egun hauetan zenbait medikuren testigantzak jasotzen jarraitu dugu eta OPE honetan zein aurrekoetan filtrazioen praktika baieztatu digute. Pertsona hauen gehienek ez dute salaketa formalik egin ondorio laboralen beldur direlako, bai Osakidetzan zein osasungintzan pribatuan ere . Hemendik animatu nahi ditugu zeozer dakiten pertsona guztiak salaketak egitera, bai zuzenean justiziaren aurrena zein LABen bitartez.

• Gure iritziz, kasu honetan larriena da ez garela OPE honetako kategori batzuetako irregulartasun puntualez hitz egiten ari soilik. Kontatu digutenaren arabera, medikuntza espezializatutako kategoria gehienetan zabalduta dagoen sistema klientelar bati buruz ariko ginateke, OPE honetan zein aurrekoetan ere. Azken finean, inpunitate osoz funtzionatu duen sistema eta jende askoren inplikazioa, aktibo edo pasiboa, behar izan duena. Panorama honen aurrean zaila da pentsatzea Osakidetzan zein Osasun Sailean inork ez zekiela zer gertatzen ari zen.

• Fiskaltza. Azkenik eta egoeraren larritasuna kontuan hartuta, fiskaltzarengana jotzea erabaki genuen, LABek zeukan informazio guztiak bere esku ipintzeko eta ikerketa abiatuko zuen esperantzarekin. Atzo bildu ginen Gasteizko fiskalarekin eta ikerketa abiatzea bideragarri denez, hurrengo egunetan salaketa formala aurkeztuko diogu fiskaltzari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iruñea-Tuterako San Juan de Dios ospitaleko langileek ez dute “low cost” langileak izaten jarraitu nahi

Mobilizazioa egin dute Iruñeko Udaletxe plazan, zuzendaritzari negoziatu dezala eskatzeko. Enpresa-batzordeak 5 hilabete daramatza 2022ko abenduan bukatu zen hitzarmen kolektiboa berritu nahian. Soldata duinak eskatu ditu, bizitzaren garestitzearen eta KPIaren arabera eguneratutakoak.

Bergaran lan istripua izan duen langile bat oso larri dago

Atzo arratsaldean lan istripu larria gertatu zen Bergarako Embalan3 enpresan. Enpresako langilea, kamioi bat zamatzen ari zela, zama gainera erori eta azpian harrapatuta geratu zen. Une honetan langilea oso larri zaurituta dago erietxean.

Matia Fundazioko langileek hitzarmena negoziatu ahal izateko blokeoa etetea exijitu dute

Gaur kontzentrazioa egin dugu Matia Fundazioko langileekin batera, fundazioko zuzendaritza salatzeko asmoz, 2024. urtean hasitako negoziazio kolektiboa izoztuta dauka eta.