2024-05-05
HomeEkintza SozialaEskubide SozialakEskubide sozialen defentsan mobilizatu dira Santurtzin

Eskubide sozialen defentsan mobilizatu dira Santurtzin

Ezkerraldea Martxan! plataformak hileta bat irudikatu du udala eta Lanbideren egoitza artean, hainbat egoera salatzeko: murrizketak, gastu militarra, langabezia, kriminalizazioa, diskriminazioa eta pobrezia, besteak beste. Larunbateko martxan parte hartzeko deia ere egin dute. Hain zuzen ere, Sestaon abiatuko da protesta, 12:00etan, eta Santurtziko portuaren hasieran egingo da amaiera ekitaldia.

Hau da larunbaterako martxari begira egindako irakurketa, Ezkerraldea Martxan! plataforma osatzen dugun eragileok eginda:

Hilez hil Ezkerraldea da nagusi langabezia eta pobrezia tasetan: 17.000 langabetu; biztanleria aktiboaren % 17, hain zuzen. % 73k ez dute inolako langabezia-sorospenik. Horretaz gain, lanetiko kaleratzeak eta kontratu prekarioak ditugu eskualdeko enpresa nagusietan.

Egoera are larriagoa da emakumeen errealitateaz hitz eginez gero. Langabezia-tasa %19koa da. Horri prekarietate-tasa handia gehitu behar zaio: zerbitzu-sektoreko (dendak, ostalaritza, garbiketa… ) langileen % 84 emakumeak dira. Horrekin batera lanaldi partzialeko kontratuak: horien % 78 emakumeek beteta; edo behin-behineko kontratuak, emakumeen % 28k beteta. Ezkerraldeko emakumeek soldata-diskriminazio argia jasaten dute: beren soldata % 26 txikiagoa da.

Era berean, gazteen artean langabezia %33koa da. Krisialdi ekonomikoaren azken bost urteotan, mila inguru izan dira (1.068), Estatu Espainoletik kanpo joan diren Ezkerraldeko gazteak.

Langabezia eta babesgabetasun handi horiek gizartean dauden desberdintasunak areagotzea dakarte: lagunen %8,6k mantenu-pobrezia jasaten dute; %2’1ek pobrezia metagarria; eta %5,2ek muturrekoa. %13,6ek ongizate hutsunen bat jasaten dute. Hiru aldiz handiagoa da emakumeek jasaten duten pobrezia. EAEko pobreziaren % 25 Ezkerraldean biltzen da.

Horren ondorioz, gero eta familia gehiagok jotzen dute Caritas-era, Gurutze Gorrira edo Elikagai Bankura. Zehazki, 23.000 familiak bizirik irauten dute erakunde ongigile horien laguntza lanari esker.

Kontuan hartu behar da Ezkerraldean astean behin 9 familia etxegabetzen dituztela.

Hori ikusita, egungo krisi ekonomikoaren ondorioak jasatzen ditugunok -gainera, haren erantzuleak ez gara- kalera irtengo gara, alde batetik, eskualdeko enpresetako langabezia egoerak, kaleratzeak eta EEEak (ERE) salatzeko; etxe-kaleratzeak eta gizarte babesean izandako murrizketak salatzeko… Eta bestetik, dagozkigun Eskubide Sozialen eta duintasunaren alde egiteko, enpresari, bankari eta politikari ustelen aurrean.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizialgun guztiei parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 9an. "Ezkerraldetik Martxa" Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da eguerdiko 12etan Santurtzin bukatzeko, Portuko sarreraren aurrean hain zuzen ere.

Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta zaharrentzako laguntzetan.

Baina egoera hauek ez dira berez sortzen. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek, eta herritar guztiek, dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Eskualdeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen. Horrek larriagotu egin du egungo krisialdi ekonomikoak jota dauden milaka familiaren egoera.

Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 20.000 milioi euro; horietatik, kupoaren bidez, 500 milioi ateratzen dira EAEtik.

Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izango da mobilizazio hau. Errefuxiatuoi ez zaie inolako eskubiderik aitortzen; eta, gainera, haien aurka NATOren gerraontziak bidaltzen dituzte, Europara ez iristeko. Santurtzitik abiatzen dira, Saudi Arabiak, Yemengo herriaren kontra erabiliko dituen tona bombak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.