2026-02-03
HomeEkintza SindikalaAurrerapenak badituzte ere, Arabakoak ez dira zaintzako langileek behar dituzten aurrekontuak

Aurrerapenak badituzte ere, Arabakoak ez dira zaintzako langileek behar dituzten aurrekontuak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileok langile publikoak gara. Guztiz beharrezkoa den zerbitzu publiko bat bermatzen dugu. EAJk duela hamarkadak erabaki zuen lan hauei erantzungo zion eredua hiru zutabe izango zituela: merkantilizazioa, pribatizazioa eta prekaritatea.

Zoritxarrez EAJk eta PSEk hurrengo urterako prestatu dituzten aurrekontuak, zaintzari dagokionez, bide berdinetik jarraitzen dute. Prekarizazioa oinarritutako sistema pribatizatzaile bat betikotzea dute helburu, eta zaintzako langileak behar duten publifikazioari ekiteko aukera galdu bat dira. Langileok eta herriak zaintza sistema publiko bat behar dugu, eta hori da LABek eta langileok aldarrikatzen duguna.

Arabako zaintzako sektoreetan (etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionala, esku hartze soziala, adinekoan egoitzak…) langile asko Foru Aldundiaren finantzaketaren menpe daude eta oso larria da erakunde honek beraiekiko duen jarrera. Publifikaziorako urratsak eman beharrean, zerbitzuaren pribatizazioari eutsi egiten zaio, langileak bizi duten prekaritatea kontuan hartu gabe, Foru Aldundia bera denean prekarietate horren erantzule. Ahantzi gabe, sektore hauetako batzuk hitzarmenaren negoziazioa dutela 2025ean eta aurrekontu hauek muga izan daitezkeela. LABek, sektore hauetako langileak foru erakundeko langileekin ekiparatzea defendatzen jarraituko du, baita zerbitzu hauen publifikazioa.

Astelehenean berri izan genuen Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak datorren urterako ahalbidetzen duen EAJ, PSE eta EH Bilduren arteko aurreakordioaz. Zaintzari dagokionez, adinekoen sektorean ekarri ditu berritasunak. Urteak daramatzate sektore honetako langileek Arabarako hitzarmen baten alde borrokan eta grebak egiten eta horri esker lortu dute maila politikoan eragitea eta aurrekontuetan presentzia izatea: EH Bilduren ekimenez hitzarmena gauzatzeko partida bat aurrekontuetan sartzea lortu da. Ekimen positibotzat jotzen dugu baina esan behar dugu jasotakoa ez dela nahikoa sektore honetako langileen aldarrikapenei erantzuteko, ezta zerbitzu hau publifikatzeko pausoak emateko. LABek onartutako neurri honen jarraipena egingo du eta borroka dinamikarekin jarraituko du sektorearen aldarrikapenak gauzatu arte.

Horrekin batera aipatu behar dugu Foru Aldundiaren menpe dauden zaintza sektoreetako langileak, administrazioko langileak zein administrazioaren menpe dauden zaintza sektore pribatizatuen sektoreetako langileak kontuan hartzen dituzten politika publikoak egin behar direla, sektore hauetako langileekin kontatuz.

Bukatzeko, eta etorkizunari begira, uste dugu garaia dela denon artean zer zaintza-sistema publiko komunitario nahi dugun eta beharrezkoak diren neurrien inguruan hausnartzeko, indarrean dagoen eredu merkantilista, pribatizatu eta prekariotik aldenduz. Hortaz, maila horretan konpromisoak eskatzen dizkiegu Arabako instituzioei.

Argi adierazi nahi dugu pribatizaturiko zaintza langileok ez dugula egungo eredua onartzen, eta bestelako zaintza eredu baten aldeko borrokan jarraituko dugula, langile publikoak garela aitortu arte. Izan ere, zaintza pribatizatuen sektoreetako langileak barne bilduko dituen zaintza-sistema publikoa borrokatu eta defendatuko du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...