2026-09-26
HomeNazioartea IdazkaritzaHarremanakArgentina eta Uruguayn egon gara bertako egoeraren nondik norakoa jarraitzen

Argentina eta Uruguayn egon gara bertako egoeraren nondik norakoa jarraitzen

Maiatzaren 17tik 28ra bitartean LAB sindikatua Argentina eta Uruguayn egon da, bertako sindikatuekin hango egoera politiko-sindikalaren nondik norakoa jarraitzen, eta aldi berean, Montevideon PIT-CNT sindikatuaren XIII. kongresuan parte hartzen.

Bidaiaren lehenengo zatia Argentinan izan zen, eta bertan CTA de los Trabajadores eta CTA Autónomako kideekin biltzeko aukera izan genuen. CTA Autónomak kongresua egin berri du udaberri honetan, eta orain, zuzendaritza berria izendatzeko hauteskunde prozesuan murgilduta dago.

Argentinan ikusi ahal izan dugunaren arabera, inboluzio demokratiko larri batean murgilduta daude Macri eskuindarra gobernura iritsi zenetik. Abenduan bertan egon ginenean, jadanik egoera bortitza zela ikusi ahal izan genuen, eta bidai honetan aurretik ikusi genuena berretsi egin genuen. Erreforma laboral eta sozio-ekonomikoak, dolarraren igoerak eta bizitzaren garestitzeak langile eta herri sektoreen egoera jasangaitza bihurtu dute eta erreforma horiek inposatzeko, kalean errepresiorik gogorrena erabiltzen du herri mugimendu antolatuaren kontra. Argentina Hego Amerikako gobernu aurrerakoien kontrako eraso inperialistaren gakoetariko bat da, eta Macri haren txontxongilo besterik ez da, kapitalaren interesaren arabera herria saltzen ari dena.

Uruguayn, egoera ezberdina da erabat. Bertan, ezkerreko aliantza den Fronte Zabala dago gobernuan, azken 15 urteetan poliki poliki Uruguayko egoera sozio-politikoa eraldatzen ari dena. Egoera honetan, PIT-CNT bertako sindikatuen elkargunea da, ezkerreko sektore guztietako sindikatuak barnebiltzen dituena, alderdi komunistatik hasi eta zentru ezkerreraino.

Kongresua eztabaidatsua baino aberasgarria izan zen. 1.500 pertsonak eta nazioartetik joandako 30 ordezkaritzen parte hartu zuten, eta bertan, PIT CNT-k eta Uruguayko langile klaseak dituen arazoak eztabaidatu ziren eta haiei aurre nola egin erabaki zen. Azkenean, zuzendaritza berrirako zerrenda bakarra aurkezteko akordioa lortu zuten. Hauxe da aukeratu duten zuzendaritza berria: Fernando Pereira, Presidentea; Marcelo Abdala Idazkari Nagusia; Laura Alberti; Abigail Puig; Gabriel Molina; Fernando Gambera; Federico Barrios; José Fazzio; Daniel Urquiola; Soraya Larrosa; José Lorenzo (Joselo) López; Valeria Ripoll; Fernando Ferreira; Marcos Acosta eta Fernanda Aguirre. Exekutibo honetan, emakumearen parte hartzea inoizko handiena izanen da.

Kongresuaren bezperan, nazioarteko ordezkaritzen parte hartzearekin Nazioarteko Konferentzia bat antolatu zen. Bertan herrialde ezberdinetako langile klasearen egoera aztertu zen, eta kontra-botere sindikalak etorkizunerako dituen erronkei buruz hitz egin zen.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.