2024-05-06
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaGrebei ekin diete Garbialdiko langileek

Grebei ekin diete Garbialdiko langileek

Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten Garbialdiko langileek hiru egunetako grebei hasiera eman diete gaur. Hain zuzen ere, maiatzaren 28, 29 eta 30erako deitu dituzte grebak, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOOen babesarekin.

Aldundiko garbitzaileak aurrera eramaten ari diren lanuzteetarako osatutako Greba Komiteak, Aldundiak, gaur goizean, bost ordu luzez lan-zentroetan sartzea debekatu egin dietela salatu dute.

Batzar Nagusi eta Foru Aldundiko zentroetako garbitzaileek hiru greba egunei ekin diote gaur, goizeko 5:45etan aurrera eraman duten pikete batekin. Ordu horretan sartu egiten baitira lanera goizeko txandan garbitzen duten langileek.

Handik gutxira, Greba Komiteak, lan-zentroetara sartu nahi izan du, greban dauden langileen eskubideak errespetatzen ari zirela egiaztatzeko. Kanpoan aurrera eramaten ari ziren protestetan parte hartzen ari ziren langile batzuk, garrantzizkoak diren tokiak garbitzea egokitzen zaie, adibidez, komunak. Komitearen helburua lan horiek egin gabe uzten ari zirela ziurtatzea zen. Euren buruak identifikatu eta Jauregi Foralean sartu nahi izan dutenean, Aldundiak ezezkoa eman die, horrelakorik egiteko eskubiderik ez zutela argudiatuz. Erantzun bera jaso dute Liburutegi Foralera gerturatu diren Komiteko kideak.

Langileek, orduan, Inspekziora jo dute gertatutakoa salatzera, bai eta Garbialdi enpresa jakinaren gainean ipintzera ere, euren eskubideen urraketa larria gertatzen ari zelako; baina Aldundiak ezezkoarekin jarraitu egin du.

Bost ordu luze igaro behar izan dira Komiteak, azkenik, lan-zentroetara sartu ahal izan duen arte. Aldundiaren jarrera hau oso adierazgarria da, arduradunek ondo baino hobeto bait dakite zeintzuk diren Greba Komiteak dituen funtzio eta eskubideak, eta grebaren garapena oztopatzea bilatzen dutela salatu dute langileek.

Bihar, berriro ere elkarretaratuko dira, goizeko 10etan, Liburutegi Foralaren aurrean, euren aldarrikapenak kontuan hartu daitezen.

Borroka, bide bakarra
Maiatzaren 24an, enpresarekin izan zuten negoziazio mahaia, eta, grebetarako egun gutxi gelditzen ziren arren, Garbialdik ez zuen proposamen berririk egin. Hala, greba deialdia berretsi zuten, eta gaur ekin diete lanuzteei. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute goizean.

Abenduaren 5etik salatzen ari diren bezala, pasa den ekainetik enpresak egiten dien proposamena zeharo eskasa da eta ez dute inondik inora onartuko: %0,3ko igoera, 2010etik soldatak izozturik duten kolektibo batentzat. Hara 0,14€tako soldata igoera 8 urtetan. Hori gainera, lanaldi osoa dutenentzat.

Pazientzia agortu egin zaiela jakitera eman dute eta baita ekainaren lehen astean grebekin jarraitzeko prest daudela ohartarazi ere, datozen egunotan Aldundiaren edo enpresaren jarreran aldaketarik ikusten ez badute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.