2026-06-19
HomeEkintza SindikalaOsasunbidearen pribatizazioa ez dugula baimenduko ohartarazi dugu, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu...

Osasunbidearen pribatizazioa ez dugula baimenduko ohartarazi dugu, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu Osasun Lege berrian froga dezala osasun publikoaren aldeko apustua egiten duela

Elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean, dozenaka delegaturekin, baita osasun arloko profesionalekin ere, Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren aitzinean, Gobernuak aurkezturiko Osasun Lege berriaren aurreproiektuak irekitzen duen bide pribatizatzailearen aurka protesta egiteko. Imanol Karrera sindikatuko bozeramaileak ohartarazi duenez, “LABek ez dio Nafarroako Gobernuari Nafarroako osasun publikoa pribatizatzen utziko” eta, aldi berean, “Osasun Lege berriarekin osasun publikoaren aldeko apustua erakusteko eskatzen dio, Osasunbidea zaintzea eta indartzea Nafarroako gizarte osoaren kezka eta lehentasun nagusietako bat baita”.

Geroa Bai buru duen Osasun Departamentuaren asmoek dakarten zentzugabekeriaren aurrean LAB sindikatuak iragarri du zuzenketak eginen dituela lege aurreproiektua zuzentzeko eta hobetzeko; bertzeak bertze, Osasunbidea enpresa erakunde publiko bihurtze hori kentzeko eta gauza publikoa erdigunean jartzeko.

LABen iritziz, osasun publikoa eta kalitatezko osasun arreta mantentzea bermatzea dira lege berriak landu behar dituen erronkak, aukera benetan aprobetxatu nahi badu eta Nafarroako gehiengo sozialaren eta Osasunbideko langile guztien kezka eta lehentasunari erantzun nahi badio. Hala ere, Osasun Departamentuak aurkezturiko aurreproiektua kontrako bidetik doa, eta hainbat arrisku eta ahulgune ditu horren inguruan. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak berak onartzen duenean Osakidetzaren ereduak aldaketa handiak behar dituela, Geroa Bai buru duen Osasun Departamentuak hemen ezarri nahi du eredu hori. Zentzugabekeria galanta.

LAB sindikatuak Osasun Foru Legearen aurreproiektu hau errefusatzen du, batez ere hiru arrazoirengatik:

  1. Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoaren aldaketak enpresa erakunde publiko bihurtzen dituelako eta, haren bidez, osasun zerbitzuak pribatizatzen direlako (horien artean, osasun mentala), sistema publikoa itunpeko batera mugituz. Gainera, langile guztien lan eskubideak aldatzeaz batera, ez dituelako behin-behinekotasun eta prekaritate egoerak zuzenduko.
  2. Navarrabiomeden deskapitalizazio prozesuarekin jarraitzen duelako.
  3. Lan osasunari dagokionez, ez dituelako zuzentzen Nafarroan dagoen lan istripuen kopuru handiaren atzean dauden kontrolik eta ikuskapenik ezaren faktoreak.

Era berean, LABek eskatzen du lege hori gizartearekin partizipatua, sindikatuekin negoziatua eta zuzendua izan dadila, gauza publikoa Nafarroako osasun sistemaren ardatz egituratzaile gisa kokatuko duen ikuspegi estrategikoa markatuz. Lege hau beharrezko tresna izan arren, funtsezkoena falta baitzaio: zerbitzu publikoak blindatzea, lankidetza publiko-pribatua kontrolatzea, eta langileen arloko neurriak behin-behinekotasuna murrizteko eta hautaketa-prozesu sinplifikatu eta eraginkorrak ziurtatzeko; gainera, hizkuntza-normalizaziorako batere interesik ez du.

Dirudienez, Osasun Foru Legearen aurreproiektuak, pribatizazio eta negozio interesei bide zabala emateko asmoen deklarazio osoa baita, ez du behar adinako adostasun politiko eta sindikalik dagoen moduan aurrera egin ahal izateko. Osasun Legea pazienteak zentroan jarriko dituen eta langileen lan-baldintzak duinduko dituen oraingo eta etorkizuneko tresna gisa ulertzen bada, bere oraingo testua ez da onargarria, idatzita dagoen moduak zalantzak sortzen baititu konponbideak baino gehiago.

Erasoaldi atzerakoiaren aurka

Azken urteetan LABek salaketa garrantzitsuak egin ditu osasun zerbitzu publikoekin lotuta. Lehenik eta behin, mediku profesional batzuen praxi txarra salatu zuen, bateragarri egiten baitzituzten beren funtzio publikoak eta negozio pribatuak, esklusibotasun osagarria kobratzeari uko egin gabe; praxi txarra, Administrazioaren utzikeriak eragindakoa. Jose Luis Escriva Espainiako ministroak mutualitateen bidez osasun publikoa pribatizatzeko egin duen saiorik handiena azaleratzen zuen dokumentu bat ere plazaratu zuen LABek. Eta azkenik, LABek salatu zuen Osasun Departamentua ikerketa biomediko publikoa deskapitalizatzen ari dela Opus Deiren alde.

Sindikatu honek salatutako guztiak erakusten du badela sakoneko korronte bat osasun publikoa ahuldu nahi duena, halako egoeraz nazkatuta nafar gizarteak klinika pribatuen bidez edo, langileen kasuan, mutualitateen bidez osasun zerbitzuen pribatizazioa ontzat ematea bilatzen duena.

Estrategia pribatizatzaile horren aurrean, LABek mobilizazio eta greba dinamika gidatu zuen osasun publikoaren defentsan eta Osasunbideko profesional guztien lan baldintzak duintzearen alde, ofentsiba atzerakoi hori gelditzea lortuz eta 16 urtetan lorpenik handiena eskuratuz: Osasunbideko osasun langile guztien lanbide karreraren aitortza.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.