2026-05-23
HomeIdazkaritzakUrriaren 21ean mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Tuteran “STOP genocidio, langileok...

Urriaren 21ean mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Tuteran “STOP genocidio, langileok Palestinarekin” lemarekin

Gernika-Palestina herri ekimenaren deialdiari erantzunez, LAB, ELA, CCOO (EAE eta Nafarroa), UGT (EAE eta Nafarroa), ESK, CGT/LKN, STEILAS, Solidari, EHNE Nafarroa, Etxalde eta HIRU sindikatuok ere mobilizazioak egingo ditugu datorren urriaren 21ean.

Mobilizazioak 12:00etan izango dira Bilbon (Plaza Zirkularrean), Gasteizen (Andra Mari Zurian) eta Tuteran (Foruen Plazan) eta 11:30ean Donostian (Alderdi Eder) eta Iruñean (Udal Plaza).

LABetik dei egiten diegu langile eta herritarrei mobilizazio hauetan parte hartze eta Euskal Herrian zehar arratsaldeko 7etan Gernika-Palestina ekimen herritarrak deitu dituen mobilizazioak babestera.

Genozidioari STOP. Langileok Palestinarekin. Sindikatuon manifestua

Urrian urte bat betetzen da Israelek bete herri palestinarraren aurkako indarkeriaren azken eta enegarren erasoa hasi zuenetik. Eskalada beliko hori Gazan hasi zen, eta berehala hedatu zen lurralde palestinar guztietara. Palestina, Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik. Palestinar herriaren aurkako erabateko gerra honek, 42.000 palestinar baino gehiago erail ditu, horietatik gehienak haurrak direlarik. Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria nahiz Israelen gerra krimenak etengabeak izaten ari dira, eta genozidio hau mundu oso zuzenean ikusten ari da.

Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea, edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria honekin bukatzea lortu. Izugarrikeria diogu, bi daturen bidez soilik ikusaraz dezakegulako genozidio palestinarraren irismena: Israelgo armadak, Israelgo estatuak alegia, dagoeneko 42.000 palestinar erail ditu, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu ditu. Bi datu soilik, ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakbha baten aurrean gaudela baieztatzeko. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da.

Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinar herriak amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik, premiazkoa da denbora gehiegi irauten duen genozidio honi irtenbideak aurkitzea. Ildo horretan, bide diplomatikoak ireki behar dira berehalako su-etena eta Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera nahiz eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko.

Basakeria honekin amaitzea behar-beharrezkoa da eta horregatik, giza eskubideak urratzen dituenarekiko konplizitate oro amaitzea eskatzen dugu. Langile klaseari presio-neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun eskatzen diogu, Israelek Nazio Batuen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bake nahiz egonkortasun egoera bat lor dadin. Gainera, gure erakundeei apartheidaren, gizateriaren aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaioten exijitzen diegu.

Amaitzeko, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuok langile klaseari dei egiten diogu urriaren 21, astelehena, eguerdiko 12:00etan, Gernika- Palestina herri ekimenarekin elkarlanean Iruñean, Bilbon, Gasteizen, nahiz Tuteran, eta 11:30etan Donostian deitu ditugun mobilizazioak babes ditzan. Aldi berean Gernika-Palestina Herri ekimenak egun berean herrietan arratsaldeko 7etan deitu dituen mobilizazio herritarretan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal arrantzale bat hil da Senegalen, ATUNSA enpresarentzat lanean ziharduela aurten hil den bigarren langilea

LABek irmo salatu nahi du heriotza hau. Izan ere, arrantza sektorean izaten diren eskubide urraketek erabateko eragina izan ohi dute heriotza mota hauetan.

Ezkabako 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela ohartarazi du LABek eta etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak exijitu ditu

LABek Txantrea auzoko Ezkabako auzokideekin elkartu zen berriz ere atzo arratsaldean, 2027rako aurreikusita dagoen babes ofizialeko 190 etxebizitzaren berehalako deskalifikazioa salatzeko eta Nafarroako Gobernuari...

Bilboko garabietan segurtasuna eta zerbitzu ona bermatzeko neurriak bete daitezen exijitzen dugu

LABek eta ELAk publikoki salatzen dugu Vectalia Park S.L. enpresak kudeatzen duen Bilboko garabien zerbitzuaren egoera larria, langileen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duten hainbat akats ofizialki egiaztatu ondoren.