2026-10-02
HomeEkintza Sindikala: Etxeko langilerik ez eskubiderik gabe. Etxebizitza eskubidea denontzat

[IRITZIA]: Etxeko langilerik ez eskubiderik gabe. Etxebizitza eskubidea denontzat

Mariana Urcuyok, LABeko etxeko langileen atal sindikalaren arduradunak, eta Cristian Urzainquik, LABeko sektore soziokomunitario kideak, gogoeta egiten duten gaur Gernikan salatuko dugun egoeraren inguruan.

Lan-eskubideak betetzea eskatzea izan da barne-erregimenean ari zen etxeko langile bat etxebizitzarik gabe geratzea eragin duena Ez du axola izan kide horrek alaba adingabe bat izatea bere ardurapean, ezta lan egindako urteek ere. Sinestezina ematen duen arren, benetan gertatu da eta oso gertu harrapatzen gaitu, Busturialdetik Euskal Herriko edozein txokotara.

Tamalgarria da ez dela kasu isolatu bat, eta horrek gizarte-politiken krudeltasuna eta politika horiek aplikatzen direnean dauden desberdintasunak agerian uzten ditu, batez ere hainbat emakumerentzat*, familiak eta haien eskubideak bermatu eta babestu beharko lituzketen erakundeen mugiezintasunaren eta konplizitatearen biktima baitira.

Urtebete pasa da azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorretik. Egun horretan zaintza erdigunean jarri genuen eta zaintzen pribatizazioarekin negozioa egiten dutenak seinalatu markatu. Horregatik, higiezinen agentzien eta erakundeen praktika arrazistei eta espekulatzaileei aurre egiteko garaia da. Guretzat, langile-klasearentzat, denontzako lan-eskubideak eskatzea pertsona guztientzako etxebizitza duina exijitzea ere bada.

Honelako egoeren aurrean geure buruari hurrengoa galdetzen diogu; non dago erakundeen laguntza eta babesa zaintza-sistema honen bazterkeria eta praktika esklabista okerrenak ezagutu eta ikusezin bihurtutako emakume* langile hauentzat?

Non daude herritarren eskubideak? Baldintza-berdintasunaz hitz egin al dezakegu pertsona migratuek etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez badute?

Non daude politika sozialen sistemak ahaztutako emakume* hauek ordaintzen dituzten zergetatik ateratzen diren zerbitzu sozialak eta aurrekontuak? Nahikoa da hipokresia eta informazio faltsuaz.

Pertsona guztiontzako eskubideak eskatzen ditugun bezala eskatzen ditugu bizitza bizigarriak. Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa eta premiazkoagoa da lan eta bizi-baldintza duinak izatea. Horregatik, exijitzen dugu erakundeen aurpegi-garbiketekin amaitzea eta etxeko eta zaintzako langileek beren lan-baldintzak arautzeko esparrua izan dezatela, eta, horregatik, borrokan jarraituko dugu, etxez etxe zein auzoz auzo. Etxeko langileentzat hitzarmena orain!

Esplotazioaren aurrean isilik geratzea ez da aukera!

Mobilizazioa Gernikan bere eskubideak aldarrikatzeagatik kale gorrian gera daitekeen etxeko langile bati elkartasuna adierazteko

Langilea Mendatan ari da lanean, barruko erregimenean, eta kale gorrian geratzeko arriskuan dago, adin txikiko alaba batekin. LABek elkartasun mobilizazioa egingo du gaur, urriaren 15ean, Gernikako Udaletxe plazan, 18:00etan “Etxeko langilerik ez eskubiderik gabe. Lan baldintza duinak eta etxebizitza eskubidea denontzat” lemarekin.

Aipatu langileak soldaten inguruan zor zitzaiona jasotzea eskatu zion enplegatzaileari. Eta honek, langileari erantzun zion ez zituela bere eskariak beteko. Honen ondoren, lanpostuari (eta ondorioz, etxebizitzari) uko egitea erabaki zuen langileak eta enplegatzaileari adierazi zion urriaren 15a izango zela bere azken eguna.

Honen ondoren, etxebizitza bila hasi zen, eta ez zuen lortu inork etxebizitzarik alokatzea eta pentsa dezakegu langile migrantea izateak izango zuela eraginik honetan. Bere ardurapean dagoen adin txikiko alabarekin kale gorrian geratzeko arriskuaren aurrean, gizarte zerbitzuetara jo zuen, baina hemen ere ez zioten arazoa konpondu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.