2026-10-27
HomeEkintza SindikalaEuskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek

Euskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek

Azkenaldi honetan, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak.

EAE osoan gertatzen ari den eraso horietatik Gipuzkoako Foru Aldundia bera ere ez da libratu, bere egunean Uliazpiko gertakariek argi eta garbi erakutsi zuten moduan. Hori dela eta, Aldundiko langileek mobilizazioa egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean, beste eraso juridiko baten atarian gauden honetan. Oraingoan, zaintzaile lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako epaiketa izan da.

Etengabe indartzen doan oldarraldi juridiko horri galga jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz.

Adituek zenbait proposamen mahaigaineratu dituzte. Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe oldarraldiak ez baitu etenik izango.

Norberak bere ardura politikoak hartu behar ditu. LABek garbi dauka langileak euskaraz lan eta bizi daitezen neurriak bultzatzea dagokiola, eta euskal klase politikoari hori posible izan dadin beharrezko neurri legalak hartzea dagokio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.