2026-04-30
HomeEkintza SindikalaGizain fundazio publikoko langileak mobilizatu egin dira Nafarroako Gobernuari hitzarmena bete dezala...

Gizain fundazio publikoko langileak mobilizatu egin dira Nafarroako Gobernuari hitzarmena bete dezala eskatzeko

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioko langileek atzo arratsaldean Parlamentuko lan saio batean hartu zuten parte eta gaur goizean elkarretaratzea egin dute legebiltzarreko egoitzaren aitzinean, Gobernuari eskatzeko fundazioa arautzen duen hitzarmena errespetatu eta bete dezan. Langileek, lehenik, eskatzen dute hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaintzea; eta, bigarrenik, soldata osoa gainontzeko langile publikoekin parekatzea, ondoren subrogazioa egin dadin, Gobernuko lan-kontratudun finko izateko.

Gizain fundazioa Nafarroako Gobernuaren jarduerak eta zerbitzuak kudeatu eta garatzeko sortu zen, bereziki Eskubide Sozialen Departamentuarenak. Gizainek oso beharrezkoak diren programak garatzen ditu, bertzeak bertze, adin txikikoekin eta haien familiekin esku hartzea, haurrei laguntzeko taldeak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien familiei laguntza ematea, sexu-indarkeriaren biktimei laguntza ematea, gazteen justizia-zentroa, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeak, etab.

Gizain fundazio publikoa da eta horrexegatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuarekin lotuta dagoelako, bertako langileek ez dute ulertzen exekutiboa bere hitzarmenean ezarritakoa betetzeko gai ez izatea. “Ezin diogu gure haserrea adierazteari utzi, gure lehen hitzarmenaren aplikazioa blokeaturik dagoelako, eta horrek esplizituki bigarren hitzarmena negoziatzen jarraitzea eragozten duelako”, adierazi dute. “Ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, lan berdina egiten duten bertze profesional publiko batzuek beren lan hobekuntzetan aitzina egiten dutela ikusita”.

Gizaingo langileek bereziki nabarmendu dute egoera “tamalgarria” dela adingabeen behaketa eta harrera zentroetako kideen artean. “Adin txikiko horiek Nafarroako Gobernuaren ardurapean daude, baina baliabide eskaseko zentro batzuetan pilatuta daude, zeinetan ezinezkoa baita hezkuntza eta pedagogia jarduerak aurrera eramatea. Nola liteke hain beharrezkoa den gizarte lana duen fundazio publiko batek bere plantilla langileak babesik gabe uztea?”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enplegu Publikoaren Legean PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu dute LABek, ELAk eta Steilasek

Alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide euskarafoboak presio antolatua eragiten ari dira administrazioen euskalduntzea ekiditeko; kriminalizazio eta presioen aurrean eragile eta norbanako euskaltzaleak maiatzaren 9an...

LABek 1.500 euroko soldata bermatuko duen Nafarroako Kirol kudeaketako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek (LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk) aurreakordioa sinatu dute apirilaren 21ean, besteak beste, 1.500 euroko sektoreko gutxieneko soldata ezartzen duena. Negoziazioak...

Ezkaba mobilizatu da 190 etxebizitza babestuen deskalifikazioaren aurka

Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunek, LABek lagunduta, salatu dute 2027. urtean Babes Ofizialeko 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela. Honek, adierazi dute, merkatu pribatuan sartzea ekarriko du,...