2026-08-02
HomeEkintza SindikalaEsku-hartze sozialeko langileak itxialdia egiten ari dira Bilbon, hitzarmen duina aldarri

Esku-hartze sozialeko langileak itxialdia egiten ari dira Bilbon, hitzarmen duina aldarri

Bihar greba eguna dute sektorean, eta 11:00etan emango diote amaiera 24 orduko itxialdiari, orduan abiatuko baita manifestazio nagusia, Gizardatz patronalaren aurretik pasa eta Bizkaiko Foru Jauregiraino joango dena.

Azken hilabeteotan zehar egin bezala, Bizkaiko esku-hartze sozialeko beharginek nekaezin jarraitzen dute borrokan, sektorerako hitzarmen duina aldarri. Azpikontratatutakoak izanik ere, langile publikoak direla gogorarazi diote beste behin ere aldundiari, eta ematen duten zerbitzua guztiz funtsezkoa dela. Horrenbestez, Gizardatz eta Geroan patronalei negoziazioa blokeatzeari utz diezaiotela exijitu eta aldundiari bere ardurapekoa den zerbitzu honetako baldintzen inguruan esku har dezala eskatzen dihardute. Hitzarmen horrek 4000 pertsona ingururi eragingo lieke Bizkaian.

Gauzak horrela, eta borrokari segida emanez, gaur beste itxialdi bat egin dute, oraingoan Bilboko Ibeni kaian kokatutako Hitz&Hitzen. Bertan egongo dira egun eta gau osoan zehar, beren aldarrikapenak ikusarazten eta hurrengo urratsak erabakitzeko asanbladak egiten. Izan ere, patronalak blokeoa mantendu bitartean kalean eta mobilizatzen jarraituko dute.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.