2026-03-20
HomeEkintza SindikalaEntzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa...

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

Apirilean, LAB sindikatutik hainbat ekintza egin ditugu patronalak eta Nafarroako Gobernua interpelatzeko eta negoziazioak desblokea ditzaten eskatzeko. Lehena hilaren 10ean izan zen, non sindikatuko kideek eta zahar etxeetako langileek errepide bat moztu baikenuen Iruñeko arteria nagusietako batean, gizarteak, oro har, langile horien egoera ikus zezan. Bigarrena hilaren 17an izan zen, eta sindikatuak Gobernuari eta patronalei egindako gonbita irudikatu genuen: langileekin mahai baten bueltan eseri, kafea hartu eta benetako negoziazio prozesua hastekoa.

Gaur, apirilak 24, LABek bertze greba egun bat deitu du Nafarroako zahar egoitza pribatuetan. Eta protesta egun horren barnean, ekintza sinboliko bat egin dugu: zezentxoen entzierro bat, Iruñeko karriken ohiko ibilbidean barna. Ekintza deigarri horren helburua zen agerian uztea sektore honek bizi duen babesgabetasuna eta gure nagusiak zaintzen dituzten langileek duten baliabide falta agerian. Beren onura bakarrik bilatzen duten enpresek kudeatzen dituzte zahar etxeak, eta hori lortzen dute langileen ahaleginari esker, eta ez dute batere begiramendurik izaten zaintzaileen eta zaindutako pertsonen ongizatearekin.

Eta Nafarroako Gobernua, antza denez, oso eroso dago kudeaketa hori enpresa pribatuen eta funts putreen eskuetan delegatzen. Gobernua ez da sektoreko langileez arduratzen, eta diru irabazi asmoa baino ez duten enpresen esku uzten ditu, eta horrek langileen lan-baldintzak are gehiago prekarizatzea dakar.

LABek ez dio mobilizatzeari utziko mahai gainea lau urte daramatzan hitzarmen hau errealitate bihurtu arte; abusuzko klausularik, kontziliazio ezinezkorik edo gehiegizko lanaldirik jasotzen ez duen hitzarmena lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.