2024-05-03
HomeIndustriaMetalgintzaUste dugu Ororbiako KYBSEn ekoizpena handitzeak posible egiten duela Orkoiengo KSSrekin fusionatzea

Uste dugu Ororbiako KYBSEn ekoizpena handitzeak posible egiten duela Orkoiengo KSSrekin fusionatzea

Kayaba multinazionalak Nafarroan dituen hiru lantegietatik bitan arras egoera erberdinak bizitzen ari dira. KYBSEn behin-behineko langileen poltsa agortu dute eta espero dute heldu den urtean ekoizpena handitzea. Aitzitik, kontrako bidean, enplegua erregulatzeko espedientea dute KSS lantegian eta industria plan baten esperoan daude lantegiaren etorkizuna argitze aldera. Horregatik, LABek berriz ere erran nahi du, indarrez erran ere, bi lantegiak fusionatzeko gure proposamena egingarria eta beharrezkoa dela. Hala ere, gaurko egunean, oraindik ez dugu Kayaba multinazionalaren erantzun ofizialik jaso eta KSSren egoera erabat kritikoa da. Honi guztiari buruz hitz egiteko, agerraldi bat egin dugu gaur Iruñean. Bertan izan dira KYBSE eta KSS lantegietako LABeko ordezkariak eta Nafarroako Industria Federazioko arduraduna.

Une honetan, Orkoiengo KSS lantegian 228 pertsona ari dira lanean. Direkzio lagundurako bonba hidraulikoak fabrikatzen dituzte bertan. Produktu zaharkitua da hori eta, aldatu ezean, lantegia ixtera kondenatua dago. Bere garaian, Kayaba multinazionalak iragarri zuen 100 langile kaleratuko zituztela, baina iragarri zuten ere bai industria plan bat ezarriko zutela, nahiz eta oraindik ez da deustan zehaztu. Kontrara, motelgailuak ekoizten dituen Ororbiako KYBSE fabrikan galtzak bete lan dabiltza. Orain 900 langile inguru dituzte eta asteko 7 egunetan ari dira lanean, lau txandatan (oporraldiak barne). Aurten, 11 motelgailu ekoitziko dituzte, eta espero dute hurbilen urtean 12,3 milioi izatea. KYBSEn ailegatu izan dira mila langile baino gehiagorekin 14 milioi motelgailu ekoiztera. Horregatik guztiagatik, LAB konbentzituta dago ezin baldintza hobeak daudela KYBSE eta KSS fusiona daitezen.

Gaur egun, eta LABek alternatibak agertu baditu ere, mahai gainean planteamendu bakarra dago: ezertan gauzatzen ez den industria egitasmo baten promesa eta 100 langile kaleratzea aurreikusten duen planteamendua. LAB, egun arte, ez da besoak uzkurtua egon, eta ez du etsiko, Orkoiengo KSSn inor egotzi ez dezaten; are gutxiago, gure iritzian, eta denbora arrazoia ematen ari zaigu, guztiz bideragarria den irtenbidea egon badagoenean; adibidez, uztailean proposatu genuena (hari eusten ari gatzaizkio).

Uztailean bagenion bat egiteko proposamenak motelgailuen ekoizpena handitze batekin etorri behar zuela, KSSko plantilla KYBSE Ororbian fusionatzeko behar adinakoa; hala bada, KYBSE Ororbiako gertakariek baieztatzen digute proposamen horren bideragarritasuna: hura betetzeko egin behar den ekoizpen hazkundea dagoeneko gertatu delako, azken aldian ekoizpen horri eusten ari zaiolako eta aurreikuspenek datorren urtean ere ekoizpen bolumen horri eutsiko zaiola adierazi baitigute.

Gaur egun, KYBSEn dagoen enplegu-poltsa osoa (behin-behineko 130 langile) lanean ari da, gainera, jaiegunetan ekoitzi behar da, eta aparteko orduen eskaera handitzen ari da. Gaur egungo langile kopuruarekin ez dira denera iristen. Instalakuntzetan gainezka egiten da lan, ez dago behar bertze lekurik, ez eta langilerik ere. Argi eta garbi dago, baldintzak betetzen ari dira dagoeneko, eta behar izatekotan, multinazionalaren gogoa eta ausardia behar da behin betikoz gai honi ekiteko. LAB guztiz gertu dago prozesu honi ekiteko.

KYBSEko enplegu poltsa guztiz erabili denez, urtarrilean bertze bat egin beharko litzateke. Horrela, gerta daiteke lantegi batean kontratatzen aritzea eta bertzean, berriz, jendea egozten aritzea. Egoera zentzugabea da. KYBSE-ko oparoaldiak KSSn eragina izan dezan dagoen aukera bakarra da bigarreneko langileak KYBSEn fusiona daitezela, haren hitzarmenaren aterpean egon daitezen; bi enpresak bat egiteaz ari gara, alegia.

LABek ez dezake onartu kaleratze proposamena KSSn, multinazionalak horretan erabil dezakeen dirutza hori aurreztu edota erabil dezakeenean arazoari irtenbide onuragarriagoa emateko, onuragarriagoa multinazionalarentzat nahiz langileentzat. Ez da zentzuzkoa KSSren lantegi bat itxi nahi izatea, bigarrenak hura fusionatzeko egiazko aukera duenean.

Ez gaitezke geldi eta ez gara geldituko, iragarri den heriotzaren zain; halaxe esan diogu Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoari. Nafarroako Gobernua eta haren lehendakariordea deitzen ditugu gaur gaurkoz mahai gainean dagoen alternatiba bideragarri bakarraren aldeko hautua egin eta bultza dezaten. Espero dugu Manu Aierdi gure proposamenaren alde agertuko dela.

Bat egiteko proposamena ez da itxia, haren bidez konponbidea zabaldu nahi dugu. Horregatik azpimarratzen dugu hizketa-mahaia sortu behar dela, Kayabarekin gai honi buruz aritzeko. Horren harira, gutun bat bidali diogu Hisada jaunari, Kayabaren arduraduna Europan, premiazko bilera eskatuz, non elkarri adieraz diezazkiogun arazoaz ditugun ikuspegiak eta konponbideez mintzatu gaitezen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.