2026-09-07
HomeEkintza SindikalaSedenako langileek auzitara eraman dute enpresa eta mobilizatu dira Esku-Hartze Sozialeko hitzarmena...

Sedenako langileek auzitara eraman dute enpresa eta mobilizatu dira Esku-Hartze Sozialeko hitzarmena aplika diezaieten, horixe baita beren lanagatik dagokiena

Atzo, Iruñean, Sedenaren aurkako epaiketa bat egin zuten, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek hainbat zerbitzuri dagokien hitzarmena behar bezala ez aplikatzeagatik enpresaren aurka jarritako demandagatik. Eta hori aprobetxatuz, hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten Justizia Jauregiaren aitzinean enpresaren jarrera salatzeko eta Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena eskatzeko, lan-baldintzak nabarmen hobetuko lizkiekeena.

Duela zenbait hilabete, Sedenako langileen legezko ordezkariek (CCOO, ELA eta LAB) gatazka kolektibo bat jarri zuten enpresaren aurka, kudeatzen dituen zenbait zerbitzutan Esku-hartze Sozialeko hitzarmena aplikatzea eskatzeko eta ez Aisialdikoa. Izan ere, bere langileen eginkizunak eta zerbitzuen ezaugarri zein helburuak Esku-hartze Sozialekoak dira.

Azkenean, atzo egin zen epaiketa, eta ordezkari sindikalek eta zenbait langilek Justizia Jauregiaren aurrean kontzentratu ziren, Sedenaren jarduteko modua publikoki salatzeko. Sedenak ez baitu bertze erremediorik utzi eta hitzarmen egokia ezartzeari eginiko ukoa judizialki salatu behar izan da. Enpresak Esku-hartze Sozialeko ekintzak eta lanak ezkutatzen ditu Aisialdiko euritakoaren azpian, ez du bere profesionalen lana behar bezala aintzatesten, eta dagozkienak baino lan baldintza txikiagoak aplikatzen dizkie.

Epaitegiaren epaia sindikatuen eskarien aldekoa balitz, 25 langile inguruk nabarmen hobetuko lituzkete egungo lan-baldintzak: Nafarroako KPIaren igoerari lotutako soldata izanen lukete, lanaldi-murrizketa eta %100ean estalitako bajak, bertzeak bertze.

Hauexek dira gatazka kolektibo honetan inplikaturiko zerbitzuak: Convive zentroak; Atarrabiako, Barañaingo eta Zizurko jubilotekak; Noaingo ludoteka eta gaztetxea; eta Orkoiengo Nerabezaroan eta Gazterian Esku Hartzeko Udal Programa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.