2026-10-15
HomeEkintza SozialaEusko Jaurlaritzari arrazakeriaren konplize ez izateko eta langile guztien eskubideak betearazteko eskatu...

Eusko Jaurlaritzari arrazakeriaren konplize ez izateko eta langile guztien eskubideak betearazteko eskatu dio LABek

Gaur da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna eta LABek kontzentrazioa egin du Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, “Arrazakeriaren aurrean, ekintza sindikala” lemarekin.

Esplotazio-egoerak, diskriminazioak eta arrazakeria eguneroko ogia dira Euskal Herriko lantokietan. Hainbat patronal ikusi ditugu atzerritarrei buruzko legeak aldatzeko eskatzen, langile migratuen eskulana errazagoa izan dadin. Horrela, Confebask kexu agertu izan da migratu gabeko langileek nahi ez dituzten lanak bete behar direlako. Zoritxarrez, ez dira bakarrak; izan ere, ikuspegi beretik jarduten ari da, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Osakidetzaren desegitea langile faltaren eztabaidarekin estali nahian.

Kasu guzti hauetan dago arrazakeria laboral argia LABentzat. Patronala atzerritarrei buruzko legeaz baliatzen da langile migratu eta arrazializatuak mehatxatzeko, kontrolpean edukitzeko eta esplotatzeko. Milaka langile daude modu irregularrean lanean, lan-eskubiderik gabe, inolako erregimenik gabe, etengabeko ziurgabetasunean eta arriskuan, azken finean, inolako babesik gabe.

LABen ustez, egoera hauek laneko arrazakeria dira, eta patronalaren irabaziak ahalbidetzen dituzte, egoera ahulenean daudenen bizitza eta gorputzen kontura. Atzerritarren legea eta EAEko eta Nafarroako erakundeak egoera horren konplize dira. Era guztietako mehatxuak, xantaiak eta abusuak jasan behar dituzte langile migratu eta arrazializatuek. Prentsan irakurtzen ditugun egoera isolatu batzuen atzean, askotan naturalizatutako errealitate iraunkorrak ezkutatzen dira. Milaka langile daude modu irregularrean lan egitea beste aukerarik gabe, inolako babes edo bermerik gabe, lan egin eta bizitzeko eskubideak ukatuta, beldurraren, prekaritatearen eta arriskuaren mende.

LABek hainbat sektore eta lantoki ditu identifikatuta langileak modu irregularrean lanean ari direnak. Ez dira ez bat eta ez bi, eta enpresa horietan guztietan, langileen aurkako presioa, mehatxua eta arrazakeria estrukturalak dira, eta langileek bizimodu duin baterako inolako aukerarik gabe egin behar dute lan. Hala salatu du LABek langile migratzaileen kontzentrazio handia duten sektoreetan: nekazaritza eta abeltzaintzan, ostalaritzan, etxeko eta zaintza lanetan, banaketa-plataformetan, eraikuntzan…

Atzerritarren legeak, alde batetik, eta erakundeen utzikeriak, bestetik, babesik gabe uzten ditu langile horiek guztiak eta sindikatuak, sindikatu-lanerako bermerik gabe. Langile hauei ez zaie errespetatzen informazio, antolaketa kolektibo eta sindikalizaziorako eskubidea. Eskubide urraketak salatuz gero, kaleratze arriskuari egin behar diote aurre. Patronala horretaz baliatzen da, eta erakundeek beste alde batera begiratzen dute.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu da LAB. Langile migratu eta arrazializatuen oinarrizko eskubideak babesteko eta bermatzeko funtsezko rola betetzen ez duenez, lan-arrazakeriaren konplize bihurtu

delako. Horrela, jarduera sindikala gauzatzeko oztopoak salatu nahi ditu LABek. Horregatik, bilera eskatu dio Laneko Ikuskaritzari, salaketaren ibilbideak ezin dituelako langileak babestu.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ekintza sindikalerako bermeak jar ditzala. Horretarako, modu irregularrean dauden langileak babesteko protokoloak eta mekanismoak behar dira. Honekin lotuta, LAB prest dago bere proposamenak helarazteko.

Azkenik, pertsona guztien erregularizazioa aldarrikatzen duten eta gaurko deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du LABek.

LABen konpromisoa arrazismoaren aurkako borrokarekin

Azken urteotan, LABek konpromiso berriak hartu ditu arrazismoaren aurkako borrokarekin, Euskal Herrira lan egitera eta bizitzera datozen langileentzako tresna eraginkorra eta denontzako etxe komuna izateko bokazioa duelako, Europan zehar gertatzen ari den eta sindikatuak kezkaz bizi duen xenofobiaren gorakadaren aurrean.

Borroka horri lotutako eragileekin egiten ari den sare-lanaz gain; duela urtebete, barne-prozesu luze baten ondoren, LABek Idazkaritza Antiarrazista bat sortu zuen, bere arrazismoaren aurkako sindikalismoa berariaz lantzeko antolaketa-tresna gisa. Xenofobiaren, gorrotoaren eta heriotza-politiken aurrerapenaren aurrean, Europan eta munduan, LABek, dagoen lekutik, langile horientzako etxe komuna eta tresna sindikal erabilgarria izan nahi du, haiekin zor koloniala baitago, eta sindikatuan eta Euskal Herrian euren ekarpen sozial, kultural eta politikoa aintzat hartu nahi duelako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzeko. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.