2026-06-20
HomeEkintza SindikalaEHUko irakasleen eta ikertzaileen greba eguna arrakastatsua izan da

EHUko irakasleen eta ikertzaileen greba eguna arrakastatsua izan da

EHUko campus guztietan grebak oso jarraipen zabala izan du. Nahiz eta fakultatez fakultate eragina desberdina izan den, zentro guztietan nabaria izan da. Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina jarduera akademikoa oso eskasa izan da. Adibidez, Gasteizko Lan Harremanetan, Hezkuntza eta Kirol fakultatean eta Ekonomia eta enpresa fakultatean, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietan, Donostiako Psikologian, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Kimika, Informatika, Ingenieritza eta Zuzenbide fakultateetan ez da ia klaserik egon eta grebaren jarraipena zabala izan da.

Era berean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan EHUko irakasleen parte-hartzea oso handia izan da.

Urriaren 11an greba egin genuenean aldarrikapen zerrenda bat jarri genien mahai gainean EHUko zuzendaritzari zein Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari. Zerrenda horretan, ordezko irakasleen gaiak berebiziko garrantzia zeukan, unibertsitateko irakasle horiek pairatzen duten prekaritate egoeraren larritasunagatik. Hala ere, ez dute aurrerapausorik eman arazoaren muinari ekiteko, hartu dituzten erabakien ondorio kaltegarriei adabakiak jartzeari mugatuta. Arduraldi osoko irakasleen ordezkapenak arduraldi partzialeko ordezko irakasleen bitartez kontratatzen jarraitzen dute, 800 eurotako soldatekin. Langile hauengana suposatzen duen egoeraz gain, ordezkapen asko bete gabe geratzen dira, edo denbora luzea pasatzen da bete arte, zaila baita halako lan-baldintzak onartzea. Honek arazo handiak ekarri ditu sailetan, bajan edo baimenean dauden irakasleen kredituak saileko gainerako irakasleen artean banatu behar baitira. Baina, irakaskuntza-karga handitzeaz gain, irakasgaiak irakasle batzuen artean zatikatuta geratzen dira kasu askotan. Hori guztia irakaskuntzaren kalitatearen, ikerkuntzaren eta kudeaketaren kaltetan. Ikasle asko kaltetuak dira era nabarian.

Hala ere, ordezko irakasleena ez zen izan eta ez da, inolaz ere, grebara deitzeko arrazoi bakarra. EHUko irakasle eta ikertzaileek urteak daramatzate euren lan-baldintzen okertzea pairatzen eta nahikoa dela argi esan nahi dute. Lan-zamak handitu dizkiete azken urteotan eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten irakaskuntza antolatzeko JARDUN sistema berriarekin gehiago handituko direla aurreikusten dugu. Horrez gain, burokratizazioak itogarria izaten jarraitzen du prozedura askotan, plantillaren ezegonkortasuna oso handia da eta, gainera, kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituzte egoera are gehiago okertuz (behin-behineko irakasle-ikertzaile kolektibo batzuei ikerkuntza-seiurtekoak ukatuz eta lanaldi partzialekoei irakaskuntza bosturtekoak ukatuz). Ikertzaile ibilbidearen garapena etengabe oztopatzen dute, erretiroen akordioen deuseztapenarekin murrizketa itzela gauzatu dute jubilatzear dauden irakasle askoren eskubideak urratuz eta plantillaren berritzea kaltetuz. Arazoa egiturazkoa da.

Erabaki hauek aldebakartasunez ezarri ditu EHUko zuzendaritzak, langileen ordezkariak garen sindikatuok mahai gainean jarri ditugun alternatibak haintzat hartu gabe. Izan ere, haientzat, arazo hauetako batzuk ez omen dira existitzen, eta gai batzuen inguruan negoziatzeko eseri direnean, negoziazio-eszenifikazioa baino ez dute egin, beren posizioetan tematuta. Azken urteetan, bizi dituzten lan-gatazketan, zuzendaritzaren inposizio-jarrera behin eta berriro pairatu dute langileek. Urriaren 11n grebara eraman zituzten arrazoiak mantentzen dira, ez baitira gai izan arazoei zentzuzko irtenbideak bilatzeko, hedabideetara begira zabaltzen dituzten mezuek kontrakoa erakusten saiatu arren.

Baina EHUko zuzendaritzaz gain, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun nabaria dauka: erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantentzea, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez da batere nahikoa. 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta USLO legeak berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun.

EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritza berriro interpelatu nahi ditugu; bakoitzak bere ardurapeko esparruan dagozkion ardurei heldu eta EHUko irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzen prekarizazioarekin amaituko duten erabakiak har ditzaten. Lan-baldintza duinik ez badute, ezin dute kalitatezko unibertsitate bat garatu, eta euskal gizarteak merezi eta behar duen Unibertsitate publikoa jokoan dugu. Are gehiago, unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzen dietela ikusten dugunean.

Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura, non langileen lan-baldintzak duinak diren. Horregatik, gaurko grebaz gain, martxoaren 12an EHUko irakasle-ikertzaileak eta unibertsitateko beste langile guztiak sektore publikoko grebara gehitzera deitzen ditugu. Ondorengo hilabeteetan erroko arazoak konpontzen ez diren heinean, EHUko irakasle eta ikertzaileak kaleetan jarraituko dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.