2026-11-07
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaLABen ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari elkartasuna adierazten

LABen ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari elkartasuna adierazten


Gaur, Azaroak 11, LAB sindikatuko ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari eta prozesu soberanistari elkartasuna adierazten, eta aldi berean herri bezala hartu duten bide honetan bakarrik ez daudela erakusten. Gaurko manifestazio hau Kataluniako gizarte zibilak askatasunaren astea deitutakoaren baitan kokatu behar da, eta preso politikoen askatasuna exijitzea eta autogobernuaren indargabetzea du helburu. Gogoratu Askatasunaren aste honen baitan asteazkenean greba orokorra egon zela eta greba honen jarraipenaren ondorioz Katalunia gelditzea lortu zela.

LAB sindikatutik garrantzitsua deritzogu Katalunian pairatzen ari diren egoera honetan haien ondoan egotea eta gure elkartasuna adieraztea, Euskal Herrian oinarrizko eskubideen urraketak egon zirenean Kataluniako herriak bere elkartasuna adierazi zuen bezala.

Baina LAB sindikatua ez dator hona soilik Kataluniako herriari bere elkartasuna adieraztera. Kataluniako herria jorratzen ari den bidetik ikasi eta erakusten ari den indarra zabalduz, Euskal Herrian ere bertze burujabetza fronte bat ireki nahi dugu; fronte bat, demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta aldaketa soziala ekarriko dituena, hain zuzen ere.

Kataluniako herriak laguntza eta elkartasuna behar ditu, eta hori da gure rola. Euskal Herria zein Espainiako Estatuaren barnean gauden nazioek gure indar guztiekin tira egin eta ustelduta dagoen 78ko erregimen hau bertan behera gera dadin borrokatu behar dugu. Hori da, hain zuzen ere, guk Euskal Herrian egin nahi duguna.

Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egon gara eta egonen gara beti, eta ulertezina zaigu beste eragile batzuk inolako konplexurik eta lotsarik gabe hartutako jarrera. Hala nola funambulismo ariketa harrigarri batean gaur hemen Kataluniako preso politikoen atxiloketen aurkako manifestazioan daude, Euskal Herrian atxiloketa horiek eta 155. artikuluaren aplikazioa babesten dutenekin gobernu akordioak dituzten bitartean. Gure ustez, erabat kontraesankorra da. Edo demokraziaren, erabakitzeko eskubidearen alde zaude, edo 78. erregimenaren, demokrazia ezaren eta oinarrizko eskubideen urraketarekin bat egiten duzu. Ez dago erdibiderik eta bakoitzak non egon behar duen erabaki behar du.

Horregatik, LAB sindikatua orain arte hartu dituen konpromisoetan berresten da, eta bide honetan bere ekarpena egiten jarraitzeko asmoa adierazten du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.