2024-05-06
HomeOharrakGreba OrokorraLANGILE KLASEAREN PARTE GAREN HEINEAN, EREDU BERRIAREN ERAIKUNTZAN PARTE HARTU BEHAR DUGU,...

LANGILE KLASEAREN PARTE GAREN HEINEAN, EREDU BERRIAREN ERAIKUNTZAN PARTE HARTU BEHAR DUGU, INPOSAKETARIK EZ!

1. Desgaitasuna dugun emakume eta gizonok historikoki era guztietako diskriminazio eta trabak pairatu dituen kolektibo bat osatzen dugu. Sistema kapitalistak bazterketa tresna bezala erabili du desgaitasuna, eta horren bidez pobrezia eta menpekotasunera kondenatu gaitu, giza eskubideak ukatzeaz batera. Gizarte honek ez du bere egin dibertsitatea eremu eta maila guztietan oso-osorik integratzeko aukera.

2. Azken urteotako politika publikoak salatu behar ditugu; izan ere, integrazioaren alde aldarrikatutako helburu erretorikoak gorabehera, porrot egin dute gizarte inklusioa eta aukera berdintasuna lortzeko asmoetan. Etengabeko urrakortasun egoeran lotu gaituzte, baztertuta eta rol pasiboak ezarrita. Desgaitasuna dugun langileak garen aldetik, gure kolektiboaren jarduera-tasak batez bestekoaren azpitik egon dira beti, langabezia lan merkatukoa baino handiagoa izan da, denbora osoan eta alde handiz, gure soldata mailak ziztrinak dira; enplegu zentro bereziak dira utzi diguten lan alternatiba bakarra…

3. Krisi ekonomikoaren kudeaketak are gehiago okertu ditu gure lan eta gizarte baldintzak, berez oso negatiboak izan arren. Lehen pairatzen genuen egoera txarra bazen, orain are okerragoa da krisiarekin. Politika neoliberalek, gutxiengo baten mozkinak babestu nahirik, gehiengoaren eskubideak ezabatu nahi dituzte, inolako zalantzarik gabe, batez ere desgaitasuna duten pertsonen eskubideak. Aurrekontuetan eta zerbitzu publikoetan egindako murrizketak oso eraso larria dira, zeren erabat trabatzen baitute desgaitasuna duten pertsonen eskariei baliabide ekonomiko egokiez aurre egiteko bidea, hau da: hezkuntza inklusiboa, buru-osasunarentzako arreta, pertsonen autonomiaren eta haien bizitza aktiboaren sostengua, kalitateko enpleguak lortzeko eta mantentzeko… Kapitalaren interesen mende jarrita daudenek ikusezinagoak izatera kondenatzen gaituzte, miseria eta bazterketa handiagoa pairatzera; bizitza sozialetik kanporatzen gaituzte.

4. PPren lan erreformak are gehiago estutzen du bazterketaren koska. Kaleratze libre eta doakoa; kaleratze kolektiboak egiteko enpresei ematen zaien erraztasuna; gaixotasunagatik lanera modu justifikatuan ez joatea langilea kaleratzeko arrazoi bezala onartzea; kontratuen prekarietatea bultzatzea; lanaldiaren malgutasuna eta aldi baterako murrizketa, enpresarien nahierara; lan osasuna mespretxatzea… horrek guztiak are larriago bihurtuko du lanaren munduan dugun posizio ahula. Desgaitasuna dugun langileon egoera are gehiago konplikatuko da, zeren patronalak mozkin erraza baino ez baitu bilatzen, eta bere sareak langabezia handiko lan merkatu prekarioan botatzen ditu -langabezia handi hori, gainera, berak eragindakoa da-.

EGOERA HONEN AURREAN:

5. Desgaitasuna dugun emakume eta gizonok ere langile-klasearen partaideak gara. Horregatik, geu ere errebelatzen gara. Diskriminazio eta bidegabekeriei aurre egiteko konpromisoa hartzen dugu, jarrera otzanetan egonarazi nahi gaituztenei eta gehiengoaren gizarte ongizatea zigortzen duten politikak onartzen dituztenei aurre egiteko konpromisoa.

6. Desgaitasuna dugun langileok bat egiten dugu Martxoaren 29ko Greba Orokorrerako deialdiarekin. Euskal Herriko langile-klaseak irmotasunez antolatu behar duen erantzunean modu aktiboan parte hartzeko borondatea adierazten dugu, bere iraupena baino interesatzen ez zion kapitalaren interesen aurrean erabat makurtzen den Estatuari aurre egiteko borondatea.

7. Aldi berean, eta garbi ikusten dugunez Madrildik eta bere politiketatik ezin dela ezer ere espero, uste dugu badela garaia Lan Harremanen eta Gizarte Babeserako Euskal Esparruaren oinarriak jartzen joateko. Hori da eskaintzen zaigun bide eta aukera bakarra, hau lortzeko:

• Gure herriaren gehiengoaren interesei erantzuten dien eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko.

• Desgaitasuna duten pertsonen lan eta gizarte gaitasunen defentsa sustatzeko, lan integraziorako eredu erreal bat bultzatuz, ghetto eta politika paternalistetatik haratago.

• Desgaitasuna duten emakumeek modu are larriagoan pairatzen dituzten diskriminazioei aurre egiteko, bai prestakuntzara iristeari dagokionez eta bai enplegua, autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa lortzeari dagokionez.

• Pairatzen ditugun oztopoak alor guztietan ezabatzeko: komunikazioa, mugikortasuna, prestakuntza, gizarte harremanak, enplegua, aisialdia, etxebizitza…

• Zuzenean eta modu aktiboan parte hartzeko maila guztietan, aukera berdintasuna benetan lortzeko, gizarte ongizate handiagoa izateko eta giza eskubideak bete-betean garatzeko.

Euskal Herrian, 2012ko martxoaren 16an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.