2026-08-02
HomeEkintza SindikalaZaintzarekin negoziorik ez egitea eskatu eta arlo honetako langileen izaera publikoa aldarrikatu...

Zaintzarekin negoziorik ez egitea eskatu eta arlo honetako langileen izaera publikoa aldarrikatu dugu

Agerraldia egin dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, zaintzaren arlo desberdinetan dagoen pribatizazioa eta honetan Aldundiak duen papera salatzeko. Arlo honetan ari diren langileen izaera publikoa ere aldarrikatu ditugu, ratioak handitzea eta KPIaren araberako soldata igoerak bermatzeko eskariekin batera. Otsailaren 16an aldarrikapen hauen aldeko mobilizazioak egingo ditugu Donostian: 8:00etan, kotxe karabana, Garberatik hasita eta 11:30ean, elkarretaratzea Aldundiaren egoitzaren aurrean, Gipuzkoa plazan.

Aski ezaguna da Gipuzkoako herritarrentzat zaharren egoitzetan, esku hartze sozialean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta aniztasun funtzionalean lanean diharduten langileen egoera larria. Horrela, langileek bizi duten egoeraren erantzule zuzena diren Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien jarrera salatu nahi dugu. Urteak dira gure gobernariek, patronalarekin eskutik, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik. Ordutik negozio bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak, esku hartze sozialean barnebiltzen direnak… Enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez.

Joera kapitalista horretan, zaintzako langileen merkantilizazio eta prekarizazio prozesuan sakondu da eta benetan funtsezkoak diren zeregin horiei etekin ekonomikoa ateratzeko apustua egin dute urteetan.

Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren menpe dauden azpisektore guztiak antzeko egoeran aurkitzen dira, pribatizazioaren eraginez:

– KPIaren bermerik ez dago zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat. Soldata igoerak Langileen Legezko Ordezkaritzaren eta patronalaren artean hizarmen bidez adostu behar diren arren, negoziazio kolektiboak erabat baldintzatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA), zerbitzu gehienen titular eta finantziatzaile nagusiak izanik, berak mugatzen duelako enpresa-elkarte gehienen negoziaziorako gaitasun ekonomikoa. Gaur-gaurkoz, aipaturiko sektoreetan ez dago langileei erosahalmena bermatzeko inolako ziurtasunik.

– Gehiegizko lan karga jasanezinak ezartzen ditu GFAk zerbitzu guztietan; kasu askotan, gainera, ratio horiek ere ez dira betetzen. Ratioak hobetzea premiazko kontua da, gehiegizko lan karga langileen osasun fisikoan eta psikosozialean kalte larriak eragiten ari delako. Eta, nola ez, zerbitzuaren kalitatean ere eragin ukaezina izaten ari delako.

LAB sindikatuan argi dugu eredu aldaketa baten beharra agerikoa dela eta zaintza sistema publiko-komunitariorantz bidea egiten jarraitu behar dugula. Une honetan zerbitzu hauek pribatizaturik badaude ere, lan publiko bat egiten ari diren langileak dira. Langile publikoak dira. Ezinbestekoa da pribatizazioarekin amaitzea eta, zaintza lanetan dihardugun langileon lan baldintzak duintzeaz gain, zaintza lanei zor zaien aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa emateko urratsak egitea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.