2026-10-02
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEraso sexistekin nazkatuta gaudela salatuko dugu bihar hiriburuetan

Eraso sexistekin nazkatuta gaudela salatuko dugu bihar hiriburuetan

Indarkeria sexistaren aurkako protokoloa aktibatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. LAB sindikatua plataforma horren barruan dauden eragileetako bat da, eta bat egingo dugu biharko deitutako deialdiekin. Gasteizen 20:00etan egingo dugu protesta, Andra Mari Zuriaren plazan; Bilbon, 19:30, Arriagan; Iruñean, 20:00, udaletxe plazan; eta Donostian, 19:30, Bulebarrean.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak kaleratutako adierazpena:

Alexxe, Andina, Amagoia, Maureen, Maria Angeles, Monserrat, Blanca, Mélodie, Noelia, Ana…

ZENBAT GEHIO!? ZENBAT IZEN GEHIO ZENBATU BEHAR DITUGU? ZENBAT ERAILKETA GEHIO?

Izen bakoitzak mina ematen digu, barru barruan sentitzen dugun mina, amorrua eta nazka. Zuen erailketa emakume guztion aurkako gerra isilaren adierazlea delako, egunetik egunera akatzen ari gaituzuelako!

Zuengatik, eraildako eta erasotutako emakume bakoitzarengatik pizten dugu gaurkoan sua, zuen memoria gurera ekartzeko. Ez dugulako ahaztuko, ez dugulako barkatuko. Gure borrokaren suaz eraso bakoitza erantzuteko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzeko prest gaudelako.

5 egun pasa dira Sestaon Noelia Noemí erail zutenetik, eta matxismoak beste emakume bat akatu du, Ana gasteiztarra. Aurten, Euskal Herrian, bortizkeria sexistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da; horrez gain, beste bi andre eta horietako baten semea ere erail dituzte azken hilabeteetan atzerrian. Beraz zortzi dira osotara 2017an gertatutako euskal herritarren erailketa matxistak, eta bat gehio kontuan hartuta Bilboko gizon batek San Inazio (Bilbo) auzoan bizitako
bere bikotekide ohia Paolaren erailketa Ekuadorren. Ana banatze prozesuan zegoen, bere bikote ohia atxilotua izan da haren erailketa leporatua. Emakumeok gure bizitzaren gaineko erabakiak hartzen ditugunean zigorra jasotzen dugu, batzuetan muturreraino: Heriotza zigorra.

Hemendik doakie gure elkartasun eta babes guztia azken egunetan biolentzia honen muturreko adierazpenak bizi izan duen emakumearen familia eta senideei.

Nazkatuta gaude. Emakumeok, emakume izate hutsagatik amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dugu egunero, begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetik, erailketaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea.

Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeria da. Beraz, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa. Pasibotasunak ez du balio. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Ez garela bakean bizi aski badakigu, indarkeria sistemarteko anitzek kolpatzen gaituzte: prekarietateak, indarkeria fisikoak, erailketa matxistak… Hoenen aurrean, autodefentsa feministarako deia egiten dugu, elkarrekin indartsuago garelako, erantzuteko tresnak ditugulako, gure bizitzak direlako joakoan daudenak!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! OSTEGUNEAN URRIAREN 5ean DENOK KALERA!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.