2024-05-09
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: “Jaurlaritza hau gehiegitan ikusi dugu patronalaren ondoan eta inoiz ez...

Garbiñe Aranburu: “Jaurlaritza hau gehiegitan ikusi dugu patronalaren ondoan eta inoiz ez langileen ondoan”

LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan izan da gaur aktualitateko gaien inguruan hitz egiten. Kritiko agertu da amaitzear dagoen Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren agintaldiaz: “Berarekin eskuz esku egoteko aukera izan dugunean mezu argia helarazi genion eta iruditzen zaigu mezu horri entzungor egin diola. Jaurlaritza hau, eta bera zehazki, gehiegitan ikusi dugu patronalaren adierazpenak eta aldarrikapenak babesten, inoiz ez langileenak. Eta higadura horren atzean dagoena ikusteko borondaterik ez du izan. Patronalaren lehendakari izateari uzteko esan diogu eta ez dio horri heldu”.

Testuinguru ekonomikoa eta langileen ongizatearen arteko loturaz, gaineratu du “hazkunde ekonomiko garaietan, aberastasunaren banaketa orekatu baterako politikarik ez da egiten eta langileok apenas somatzen dugu onurarik. Aldiz, ekonomiaren moteltze garaietan, langileok izaten gara moteltze horren ondorioak pairatzen ditugunak. Beraz, alde horretatik, ikuskizun ekonomiaren bilakaera hori nolakoa izango den, eta zer-nolako erantzuna eman dezakegun pentsatzen eta hausnartzen ari gara”.

Fiskalitatea ere izan du hizpide LABeko koordinatzaile orokorrak, zergen bidez “gauza asko” sustatu daitezkela nabarmenduz. “Zergen bidez diru gehiago bilduta eta zergapetuta hainbat elementu, lortu daitekeena da bestelako politika publiko batzuk eta bestelako zerbitzu publiko batzuk eskaintzeko diru gehiago, baina horretarako borondate politiko bat behar da eta determinazioa, enpresa handien interesekin talka egiteko eta multinazional horien mehatxuen aurrean amore ez emateko. Eta hori da falta dena”.

Egun bizi dugun langile borroken ugaritzeaz ere aritu da Aranburu: “Pandemia egoeratik atera ondoren guk oso argi ikusten genuen langileen lan eta bizi-baldintzen prekarizazioa eta zerbitz publikoen ahultze eta kaltetze hori ematen ari zela, eta egoera hori iraultzeko oso argi genuen langileek borroketara jo beharko zutela. Langileak gero eta gehiago jabetzen dira egoera horretaz eta gero eta gehiago egiten dute bat horrekin. Eremu ezberdin askotan, izan industrian, izan zerbitzu publikoetan, izan sektore feminizatu eta prekarioetan oso ugariak dira borroka sindikalak”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Mecaner herriarentzat: sozialki eta ekologikoki justua izango den industriaren alde

Irailaren lehenarekin batera, Stellantis multinazionalak gure eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei. Borroka hilabeteak izan dira ondorengoak.