2026-10-03
HomeEkintza SindikalaGasteizko Txagorritxuko ospitaleko kolapsoa larrialdietan geratu da agerian, baina harago doa, ohe...

Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko kolapsoa larrialdietan geratu da agerian, baina harago doa, ohe faltagatik ebakuntzak bertan behera uzten direlarik

Osakidetzan zerbitzuak bateratzea eta Santiago Ospitalea eraisteko estrategia dira Gasteizko Txagorritxuko larrialdiko kolapsoaren eta ebakuntzak etetearen arrazoi nagusiak. Zupiria gezurretan ari da Txagorritxuko kolapsoaren arrazoiei dagokienez, fokua kontrolatu ezin diren gaietan jartzeko asmoz.

Azken asteetan berriro ikusi dugu plantillarekin eta bertako ordezkariekin inolako elkarrizketarik gabe espezialitateak Txagorritxura lekualdatu direla, eta Santiago bigarren mailako ospitale gisa utzi dela, hustuta eta desegite prozesuak nabarmen kaltetuta.

Txagorritxuk espezialitate horiek guztiak bere gain hartzeak lan asistentzialaren bolumena handitzea dakar, eta hori ez da behar bezala neurtzen ari. Langile falta nabaria da eta jasotako arretaren kalitatea arriskuan jartzen du, baina azken egunotan bizi duguna erabateko kolapsoa da, ez baitago oherik zentro honetan hitzartutako jarduera guztiari erantzuteko.

Egoera hori ezin zaio “oporraldiari” egotzi; izan ere, larrialdiak kolapsatu egiten dira interbentzioak eteten ari diren arrazoi beragatik: langilerik eza eta oherik eza. Ohe falta hori ez da arnas-gaitzak areagotu direlako, egoera ez baita bereziki kritikoa une honetan, eta urte sasoi honetan halako gaitzek izan ohi duten goreneko mailara iristeko asko falta baita oraindik.

Arabako ESIko zuzendaritzak laguntza espezializatu ia osoa Txagorritxun kontzentratzeko egindako berrantolaketa behar bezala diseinatu ez dela garbi dago. Txagorritxun jada ez dago oherik, ezta langile nahikorik ere, programatutako ebakuntzak dituztenentzako ohea izatea bezain egoera arruntei aurre egiteko.

Esan bezala, arnas-gaitzek eragindako intzidentzien maila ez da handia oraindik, eta horrek pentsarazten digu egoera larriagotu egingo dela datozen asteetan.

Arabak eta Gasteizek urteak daramatzate murrizketen politika pairatzen. San Martingo Etengabeko Arretako Gunea eta Santiagoko larrialdietako zuzeneko arreta ixteaz gain, lehen mailako arretako ordutegia murriztuko da hilaren 16tik aurrera. Argazkirik ikusgarriena Txagorritxuko larrialdietako kolapsoak utzi digu, baina egoera are larriagoa da; izan ere, ohe faltagatik ebakuntzak bertan behera uztearen arazoa pandemiaz geroztik bizi izan ez dugun egoera da.

Araba ESIko zuzendaritzaren kudeaketa da bizitzen ari garenaren erantzule bakarra. Horrez gain, Arabako ESIko batzordeek eta enpresa-batzordeek salatu duten bezala, lan-baldintzei eragiten dieten abusuzko neurriak hartu dira kudeaketaren defizitak eta elkarrizketarik eza estaltzeko.

Araba eta Gasteiz oso egoera zailean daude bertan ematen diren osasun-zerbitzuei dagokienez. Hori dela eta, LABek dei egiten die Gasteizko herritarrei Osasun Publikoa Aurrera plataformak hilaren 20an, 17:00etan, San Martingo EAGn egingo duen kontzentrazioan parte har dezaten, berriro irekitzeko eskatzeko, eta langileei dei egiten die hilaren 19an grebara atera eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...