2026-09-25
HomeEkintza SindikalaLizarrako Osasun Barrutiaren desegitea berresten duten datuak erakutsi ditugu

Lizarrako Osasun Barrutiaren desegitea berresten duten datuak erakutsi ditugu

2019az geroztik, Nafarroako Gobernuak 0 euro bideratu ditu Lizarrako Osasun Barrutian itxaron zerrendak murrizten saiatzeko. Ordutik eta 2022ra bitartean, lehen kontsultarako itxaronaldiaren batez bertzeko atzerapena 23tik 75 egunera igo zen. Horiek bi datu ofizial bertzerik ez dira, askoren artean, Estellerrian osasun arreta publikoa abandonatu eta eraisten ari direla frogatzen dutenak. LAB sindikatutik eskualdean datu horiek ezagutaratzen ari gara, salaketa kanpaina baten bidez.

Nafarroako Osasun Informazioko Sistemaren, Kontuen Ganberaren eta Osasunbidearen beraren datu ofizialak bildu ditu LABek, berriz ere egiaztatzen dutenak nola ari diren desegiten Estellerriko herritarren kalitatezko osasun laguntza publikoa. Datu horiekin guztiekin, sindikatuak diptiko bat eta kartel bat egin ditu, inguru osoan zehar zabaltzen ari dena, egoera salatzeko eta herritarrei ikusarazteko beren larruetan sufritzen ari direnak ez direla sentsazio hutsa, Administrazioaren datu ofizialek deskribaturiko errealitate gordina baizik.

2019-2022 aldian Osasun Departamentuak 0 euroko inbertsioa egin zuen Lizarrako barrutian itxaron zerrendak murrizteko; Iruñeko barrutian, berriz, hiru milioi eurokoa izan zen (346 kontratu berri sortu zituen), eta Tuteran, berriz, ia 400.000 eurokoa (eta 120 kontratu). Datu horrek argi eta garbi erakusten du Estellerriko herritarrak jasaten ari diren diskriminazioa. Eskualdeak 62.000 pertsona inguru ditu; horietako 15.000 pertsona 65 urtetik goitikoak dira eta 8.000 pertsona 14 urtetik beheitikoak, eta horiek guztiak mugitzera behartzen dituzte osasun arreta ona jasotzeko.

Aipaturiko aldi horretan, lehen kontsultarako itxaron zerrendako batez bertzeko atzerapena 23tik 75 egun naturalera igo zen. Era berean, ebakuntza kirurgikorako batez bertzeko atzerapena 57 egunetik 109ra pasatu zen. Izan ere, plantilla osoa ez dute indartu. Aitzitik, espezialista finkoen kopurua 61etik 33ra pasatu zen. Egun, langile gehiago daude behin-behineko egoeran (432) finko baino (372). Lan egoera hori dela-eta, espezialista eta Lehen Arretako mediku askok alde egiten dute lan ezegonkortasunagatik eta garatzeko aukerarik ez dutelako.

LAB sindikatuak ulertzen du hainbat faktorek eragin dutela desegite hori, eta horien artean dagoela aurreko gerentziaren kudeaketa txarra. Gerentzia hori aldatu ondoren, antolamendu arazoak konponduko direla espero izatekoa da. Baina inbertsio faltaren ondoriozko arazoak Parlamentuan eta Gobernuan konpondu behar dira, eta berehala konpondu behar dira, horretan baitatza Estellerriko herritarren osasuna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.