2026-10-02
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaAzaroan eta abenduan beste bi greba egun egingo ditugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza...

Azaroan eta abenduan beste bi greba egun egingo ditugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur Gasteizen, ekainean eta datozen ikasturtean egingo dituzten mobilizazioen berri emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoari dagokionez. Hain zuzen, milaka langile eta herritarrek eginiko aldarrikapenen aurrean, jada ikasturtearen amaieran gauden honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko.

Azken hilabeteetan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan buruturiko greba eta mobilizazioek babes oso zabala jaso dute. Erabateko gehiengoa izan dira deialdiekin bat egin, greba egin eta kalera irten diren langileak, bai irakasleen artean baita Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Hurreskolak Partzuergoko langileen artean ere. Behin eta berriro esan dugun moduan, egungo hezkuntza publikoaren egoera larria da eta ezinbestekotzat jotzen ditugu egoerari buelta emateko plazaratu ditugun neurriak. Hezkuntza Sailari dagokio langileek, familiekin batera, kalean aldarrikatutako aldarrikapenei bide ematea, greba dinamiketan bat egin duten esparru ezberdin guzti horietako Mahai Negoziatzaileak deituta.

Afera ordea ez da Mahai Negoziatzaileak soilik deitzea, baizik eta, behar bezalako proposamenak egin eta benetako negoziazio bat abiaraztea, gaur arte ez bezala. Mahai Negoziatzailean egon beharreko aldarrikapenak honakoak dira:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).

-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.

-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Ikasle-ratioak %10 murriztea.

-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.

-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.

-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Milaka langile eta herritarrek eginiko oinarrizko aldarrikapen hauen aurrean, jada ikasturtearen amaieran gauden honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko.

Egoera honetan, ekainean zehar eta irailetik aurrera greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez dugula uste dugu.

Ekainean zehar ikastetxeetan eta hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratze eta mobilizazioak burutuko ditugu. Ekainaren 29an Gasteizko Ama Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko word-kafea irekia antolatuko dugu.

Ikasturte hasierarekin, ostiralero ikastetxeetan elkarretaratzeak bultzatuko ditugu, ekimen askotariko dinamikak burutuko ditugu ikastetxeetan zein hauetatik kanpo: eskolak kalean emanez, murrizketen eragin eta ondorioak landuz eta ekintza alternatiboak burutuz guraso eta ikasleekin batera. Urria osoan zehar itxialdiak burutuko ditugu ikastetxe ezberdinetan hitzaldi, antzezlan, kontzertu eta gure aldarrikapenak landu eta sozializatzeko ekimen ezberdinak garatuz. Eta azaroan eta abenduan bi greba egun burutuko ditugu irakasle, heziketa berezia, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletan.

Familia eta herritarrekin lanketa berezia egingo dugu eta azaroan elkarrekin mobilizazio gehigarriren bat antolatzen saiatuko gara Gasteiz, Bilbo eta Donostian.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetzeko eta gure hezkuntza sistemaren oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren behar hauei erantzun ezean, greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.