2026-10-27
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaElkartasun osoa adierazi nahi diogu Venezuelako Herriari

Elkartasun osoa adierazi nahi diogu Venezuelako Herriari

LAB sindikatutik gure elkartasun osoa bidali nahi diogu Venezuelako langile klaseari eta orokorrean Venezuelako herriari bizi duten egoera zail honetan. Era berean Venezuelako Iraultza Bolibariarra suntsitzeko inperialismoak abian jarri duen estrategia gaitzetsi eta salatu nahi dugu.

Ez da gauza berria Venezuelako Iraultza Bolibariarra inperialismoaren jomugan dagoela. Hainbat eta hainbat izan dira Venezuelako iraultza indargabetu eta suntsitzeko egindako saiakerak; bertzeak bertze 2002an Hugo Chavezen aurka eginiko estatu kolpea, herriaren mobilizazioak bertan behera utzi zuena.

Indarkeriaz betetako gerra ekonomiko eta mediatiko baten aurrean gaude, dena inperialismoaren adar guztiak ongi koordinatutako estrategia bati erantzuten. Elite ekonomikoek gerra ekonomikoa egiten diote gobernuari ekonomia kolapsatzeko helburuarekin, bitartean Estatu Batuen laguntzaz eskuin kolpistak biolentziaz erasotzen ditu kaleak eta azkenik inperialismoaren zerbitzura dauden komunikabide nagusi guztiek errealitate guztia desitxuratzen dute gobernua eginez egoeraren errudun.

LABek argi du egoera honen guztiaren atzean Iraultza Bolibariarra suntsitzeko helburu garbi bat dagoela. Inperioarentzat onartezina da langile klasearen eta herri xumearen zerbitzura dagoen Iraultza bat egotea, eta aurreko egoerara itzuli nahi dute; hau da, elite baten eta Estatu Batuen interesen zerbitzura dagoen eredu ekonomiko batera betikoek irabazten dutelarik langile klasearen miseriaren kontura.

Horregatik gure ikuspegi internazionalista berretsiz, eta langile klasearen interesen defentsaren aldeko hautu garbia eginez, gure elkartasuna adierazten diogu Venezuelako Iraultza Bolibariarrari eta Venezuelako herriari. Gguzti honekin batera aprilaren 22an Donostiako Alderdi Ederren arratsaldeko 7etan eginen den mobilizazioa babestu eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.