2024-05-04
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaGaraia da Nafarroako Hezkuntzan aldaketa sakonak ezartzen hasteko

Garaia da Nafarroako Hezkuntzan aldaketa sakonak ezartzen hasteko

LAB sindikatua, Nafarroako administraziopeko ikastetxeetako zein ikastoletako irakasleriaren artean lehen indarra denak, Hezkuntza Kontseilaritzan izan den aldaketaren aurrean gogoeta hau partekatu nahi du. Gobernu akordio programatikoan jaso bezala, hezkuntza funtsezko oinarria da, ezinbertzeko tresna LABek bultzatzen duen jendarte berriaren bidean. Lehen bi ikasturte gatazkatsuren ondoren, garaia da Hezkuntzan aldaketa sakonak ezartzen hasteko. Gogoratu beharra dago oraindik ere lan asko egin beharko dela gure hezkuntza sistema euskalduntasun, berdintasun, ekitate, parte hartze, kohesio, garapen, berrikuntza edota inklusio parametroetan kokatzeko. Irmotasuna eta ausardia eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari, eta haren buru egiten duen María Solanari, aldaketaren bidean eman beharreko pausuak behingoan eman daitezen.

Gauzak horrela, LABek ezinbertzekotzat jotzen ditu honako ildo hauek jorratzea:

– LOMCEa eta bertze edozein lege arrotzeri aurre egin eta Hezkuntza Sistema Propio baten alde urratsak ematea.

– D ereduan ikasteko aukera Nafarroa osora zabaltzea, herriz-herri eta auzoz-auzo, bai eta Nafarroako zonalde diskriminatuko ikastolen biziraupena bermatzea.

– Hezkuntza beharrei erantzun eta behin-behinekotasuna eta prekarietatea ezabatuko duten LEPak egiten hastea.

– Hezkuntzaren Hobekuntzarako akordio berri bat adostea non, bertzeak bertze, murrizketak leheneratuko diren eta irakasleri eta ikastetxeen baldintzak hobetuko. Itunpeko langileentzako ere, murrizketen leheneratzea proportzio eta aldi berean egin beharko da, eskubide murrizketarik gabe.

– Haur hezkuntzako 0-3 zikloa hezitzailea, unibertsala, doakoa, euskalduna eta Hezkuntza Departamentuaren baitakoa izatea.

-Lanbide Heziketa integral eta euskaldun baten aldeko urratsak ematea. Baita NUPen euskarazko ikasgaiak sustatzeko beharrezko neurriak hartu eta dirulaguntzak ezartzea.

– Eguneroko funtzionamendua eta erabakiguneen demokratizaziorako bidean, parte hartzerako tresna eta guneak ezartzea, egunez egun hezkuntza egiten dugun guztion ahotsak isla izan dezan hartuko diren erabakietan.

Neurri hauen denen ezartzea beharrezkoa da baldin eta bertze hezkuntza eredu bat, jendarte eredu bat, eraikiko badugu. Neurri hauek hasierako pausua baino ez dira, hezkuntza komunitatea eta eragileek, eta orohar euskal jendarteak, Hezkuntza Sistema Propio baten alde egiten diharduen lana zangotrabatuko ez dutena. Hezkuntza euskaldun eta burujabe baten alde, herri hezitzaile bat helburu, lanean segitzeko bere konpromisoa berresten du LABek. Aldaketarako garaia da!
 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.