2026-10-02
HomeEkintza SindikalaCCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboa estatalizatu nahi dute

CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboa estatalizatu nahi dute

Aspaldi honetan ohartarazi izan dugu patronal eta sindikatu batzuk, hain zuzen CCOOk eta UGTk, erabaki bat hartu dutela: estatu mailako negoziazio kolektiboa lehenestea, Euskal Herrian egiten denaren kalterako. Soldata miserableak ezarri nahi dituzte, zenbait kasutan oraingoak baino %50 txikiagoak, horren truke hitzarmenak negoziatzerakoan eta ordezkaritza izaterakoan monopolioa izango dutelarik. Arrazoi honek bultzatu gintuen Ostalaritzako Akordio Markoa egitera. Orain, CEHAT eta FEHR patronalek, UGT eta CCOOekin batera, Estatuko Ostalaritza sektoreko Lan-Akordioaren (ALEH) batzorde parekidean erabaki dute “indarrean dagoen ALEH-aren eragina eta balio juridikoa defenditzeko dagozkion erabaki legalei” ekitea, hots, aipatutako akordio markoaren aurka jotzea. 

Eskandaluzkoa da sindikatu berdinek hemen Sektorearteko Akordio bat sinatzea, bertoko hitzarmenei estatuko akordioekiko lehentasuna emateko, eta gero estatuko patronalarekin akordioak iristea EAEko ostalaritzan negoziazio kolektiboa galarazte aldera. Halaber, honek agerian uzten du benetan euskal langileak nork defenditzen dituen, eta nork ez.

ELAk eta LABek dei egiten diegu CONFEBASKi eta EAEko Ostalaritza Federazioei, orain estatutik salatu nahi den akordioa sinatu dutenez, iritzi publikoari jakinaraz diezaiotela honi buruz zer iritzi duten. Ostalaritzako Akordio Markoa sinatuta EAE mailako negoziazio kolektiboaren aldeko hautua egin zuten; beraz, CCOO, UGT eta estatuko patronalen jarrera salatu egin beharko lukete, hauek EAEn langileei eta enpresei galarazi egiten baitiete negoziatzea.

Bestalde, aukera ezin hobea du Eusko Jaurlaritzak sasi-elkarrizketa sozialeko mahaian hartutako akordioak indargabetzeko, baita hartu dituen beste erabaki batzuk bere onera ekartzeko ere. Hala egin ezean, agerian geratuko litzateke ez duela benetan defenditzen hitzez defenditzen duena, eta frogatuko luke gure herriko langile-klasea pairatzen ari den prekarizazio prozesua bultzatzen ari dela. Ezin da ulertu honelako erasoa datorrenean Urkulluren gobernua beste aldera begira egotea.

Negoziazio kolektiboaren estatalizazioarekin izatez milaka eta milaka langileren lan- eta bizi-baldintzak hondatzen dira, hau da, prekaritatera zigortzen ditu. ELAk eta LABek berretsi egiten dugu baldintza horiek defenditu eta hobetzeko geure konpromisoa, baita Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko euskal Esparruaren aldekoa ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...