2024-05-17
HomeEkintza SindikalaGorabideko langileen batzarrek enpresak LAB eta ESK sindikatuekin sinatutako akordioa berretsi dute,...

Gorabideko langileen batzarrek enpresak LAB eta ESK sindikatuekin sinatutako akordioa berretsi dute, langileentzako funtsezko hobekuntzak dakartzana #LortuDugu

Plantillarentzat historikoa izan den egunean, atzo osteguna, uztailaren 6an, Gorabideko langileek egindako bi batzarrek babestu egin dute LAB eta ESK sindikatuek enpresarekin lortutako aurreakordioa. Honek, %23,76ko soldata-igoera jasotzen du langile guztientzat, besteak beste, KPI baino handiagoa.

Azken hilabeteetan, Gorabideko langileek lan eta bizi baldintzak hobetzeko borroka eredugarria egin dute. Izan ere, 26 greba-egunen ondoren, non langile gehienek parte hartu baituten, beste behin ere baieztatu dugu kaleetan piztutako borrokekin lortutako akordioak hobeak direla.

  • % 23,76ko soldata-igoera lortu dugu langile guztientzat. Igoera horrek KPIaren gainetik dagoen soldata-igoera dakar, ezagutzen diren KPIak eta etorkizuneko urteetako aurreikuspenak kontuan hartuta.
  • KPI erreala eta ziurra berrikusteko bermea; KPIak hitzartutako igoera baino handiagoak badira, aldea urtarrilaren 1etik aurrera kobratuko da.
  • Akordio honekin gainditu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gorabidek sektorean inposatu nahi zituzten soldata-topeak, euren esanetan mugiezinak zirenak.

Azken batean, KPIren gainetik dagoen akordio bat lortu dugu.

Akordio honetan, gatazkaren hasieratik gure aldarrikapenak izan ziren neurri sozialak ere jasotzen dira:

  • 8 egun libre.
  • Lanaldi murrizketak izateko aukera semeak edo alabak 14 urte izan arte zabaltzea.
  • 70 urtetik gorako gurasoei laguntzeko lizentzia.
  • Enpresak PAD22 eta PAD 22/ITP kontratuak dituzten pertsonen lan-zikloak 7 egunera mugatzea.

Akordioak beste aldarrikapen batzuk sakontzeko eta eztabaidatzeko aukera emango diguten konpromisoak ere jasotzen ditu, hala nola lanaldi partzialak, behin-behinekotasun tasa % 10etik behera izatea.

Horregatik, LABen oso positibotzat jotzen dugu lortutako akordio hau, langile guztiei baldintzak benetan hobetzea baitakarkie. Akordio honek eros ahalmena bermatzen du, eta Gorabideko langileen bizitza eta kontziliazioa hobetzeko neurri sozialak aplikatzen ditu.

LABetik zorionak eman nahi dizkiegu, beste behin ere, borrokari bizirik eutsi dioten langile guztiei, grebetan parte hartu dutenei, batzarretan, kanpaldietan, trafiko-mozketetan eta mobilizazio guztietan parte hartu dutenei. Zuetako bakoitzak gatazka honetan jarri duen ahalegin eta dedikazio guzti hau izan ez balitz, ez genukeen akordio hau lortuko.

Borroka honek bi aurrerapen handi lortu ditu, akordioan jasotakoaz gain. Batetik, ahaztutako sektore bat ikusarazi du, eta aniztasun-funtzionala duten pertsonak zaintzen, laguntzen eta hezten dituzten langileak agenda sozialean jartzea lortu du. Bestetik, langileak enpresaren aurrean ahaldundu ditu, eta inposizioaren garaiak amaitu direla erakutsi dio azken honi.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haur eskolek euskaraz izan behar dutela aldarrikatu dugu Iruñeko kaleetan

Eman haizea euskarari lelopean egingiko mobilizazioan parte hartu dugu LAB sindikatuko kideok. Iruñeko hainbat auzotako gurasoek bultzatutako ekimena izan da, hasiera-hasieratik haurrak euskaraz eskolatzeko eskubidea aldarrikatzea xede izan duena.

Herritar nahiz langileen osasuna babestu eta enpleguari eutsiko dion irtenbide integrala eskatzen dugu Profersarako

Trantsizio ekosozialaren aldeko apustuan berresten gara, ekoizpen-ereduaren jasangarritasuna, ingurumena eta bizitzen zaintza uztartuko dituena, enplegua eta lan-baldintzak mantenduz.

Imarkoaingo Garraioaren Hirian mobilizatu gara, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar kopuru handia salatzeko

LAB, Hiru, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako hainbat kidek elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aitzinean, "Lan istripu gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du" lemapean, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten 9 langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako 7ren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.