2024-05-16
HomeEkintza SindikalaLangileon osasunaren aldeko borroka lantokietara, kalera nahiz Osalan eta NOPLOIra eramango dugu

Langileon osasunaren aldeko borroka lantokietara, kalera nahiz Osalan eta NOPLOIra eramango dugu

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek Bilbon emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, LAB Osalanen parte hartzen hasiko da ekainaren 29tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren politikaren gabeziak agerian utzi eta langileon osasunaren aldeko neurri zehatzak aldarrikatzeko.

Arroyok azaldu duenez, Osalanen parte hartzen hasteko erabakiak Biltzar Nagusian adostutako bi helburu nagusiri erantzuten dio. Lehenengo helburua, honako hau: kontrabotere ikuspegi batetik langileak antolatu eta Kapitalari eremu guztiak lehiatzea.

Lantokietan, kalean nahiz instituzioetan langileen aldeko politikak aldarrikatu eta borrokatzeko determinazioa dugu. EAEko instituzio nagusiek bizkar eman diote, urte luzez, langileon beharrei, kostu politiko gutxirekin eman ere berriki arte. Gehiengo sindikalaren esku-hartzerik gabe, parte hartze instituzionalerako guneetan jaurlaritzak ez du oposiziorik izan; Osalan eta bestelako erakundeak propaganda instituzionala egiteko erabili ditu.

Aldiz, azken hauteskundeetan ikusi bezala, langileok badugu zer esanik eta eragiteko gaitasunik esparru guztietan, baita esparru instituzionalean ere. Politika publikoetan aldaketak eragiteko, lantokietan eta kalean antolatu eta aktibatzea da dugun bermea. Ildo honetan, borrokaldi oparoa bizi dugu; langileek ahaldundu eta beraien eskubideen alde egiteko prest daudela erakutsi dute. Lantokietan eta kalean bildutako indar hori baliatuko dugu, erakundeetan ere aldaketak borrokatzeko.

LABen bigarren helburua langileon osasunaren aldeko borroka indartzea da. Azken hamarkada luzean ez da egon aurrerapauso esanguratsurik langileon osasunari dagokionean, areago, zenbait alderditan atzerantz goaz. Prekarizazio prozesuak eta prebentzio neurrien ez betetzeak, mutualitateek laneko gaixotasunak eta lan istripuak ezkutatzeko darabilten estrategiak eragin zuzena dauka langileon osasun galeran.

Arroyok salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik prebentzio legea betearazteko eta enpresariei merkeago ateratzen zaie ez betetzea: “Enpresariak inpunitate osoz ari dira, horrela bakarrik ulertu daiteke, ekidin daitezkeen istripuak ekiditeko neurririk ez hartzea. ‘Aski da!’ esateko unea da. Lantokietan gure osasuna defendatzeko ekintza sindikala indartzera goaz. Kaleko mobilizazioak indartuko ditugu. Eta eremu instituzionalean ere lan osasunari dagozkion politika publikoen gabeziak agerian utzi eta neurri zehatzak aldarrikatzera goaz”.

Inko Iriartek, bere aldetik, LABek Osalanera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura (NOPLOI) eramango dituen aldarrikapenak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, Osalan eta NOPLOIren izaera aldatzea proposatzen dugu: aholkularitza entitate izatetik, babes sozialeko, ikuskatzeko eta prebentzio sistema publiko eta propioa eraikitzeko tresna izatera. Horretarako, lan ikuskaritzaren transferentzia osoa eskuratzea defendatzen dugu, baita lan ikuskaritzaren eta lan osasunaren babeserako egitura publikoen arteko bat egitea ere.

Era berean, Osalan eta NOPLOIeko teknikariek ahalmen exekutiboa izatea eta prebentzio legearen arau hausteak detektatu eta zigortzeko profildun ikuskarien kopurua esponentzialki handitzea (Bizkaian 100, Gipuzkoan 50, Araban 25 eta Nafarroan 50) proposatzen du LABek. Ikuskatze lana bereziki indartu beharra dago honako sektore hauetan: basogintza, eraikuntza (alturatik erorketak), industria (makina-erraminta) eta sektore feminizatuak (gaixotasun psikologiko eta muskuloeskeletikoen kontrola, izugarri hedatzen ari direnak). Lan osasunean genero aldagaia aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Bestalde,mutualitateen nahiz prebentzio zerbitzuen jardunbide txarrak ezabatzeko mediku-ikuskapenak burutzea eskatzen dugu, baita laneko gaixotasunen jarraipena egiteko erregistroa sortzea ere.

Azkenik, hildakoak eragin dituzten edota larriak izan diren la- istripuetan zein laneko gaixotasunez hildakoak dauden enpresetan prebentzio neurri eza dagoela ebatziko balitz, NOPLOIk eta Osalanek fiskaltzaren esku jarriko dute duten informazio guztia eta dagokion kasu penalean aktiboki parte hartzeko konpromisoa eskatuko du LABek.

Norabide horretan eragiten hasteko, konpromiso baten berri eman du Iriartek: Osalanen parte hartzeagatik LABek jasoko duen diruarekin funts bat sortuko du, lan istripuen eta laneko gaixotasunen ondoriozko prozedura penalak indartzeko erabiliko dena: “Bada ordua inpunitatearekin amaitzeko, ardurak eta erantzunkizunak argitzeko”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haur eskolek euskaraz izan behar dutela aldarrikatu dugu Iruñeko kaleetan

Eman haizea euskarari lelopean egingiko mobilizazioan parte hartu dugu LAB sindikatuko kideok. Iruñeko hainbat auzotako gurasoek bultzatutako ekimena izan da, hasiera-hasieratik haurrak euskaraz eskolatzeko eskubidea aldarrikatzea xede izan duena.

Herritar nahiz langileen osasuna babestu eta enpleguari eutsiko dion irtenbide integrala eskatzen dugu Profersarako

Trantsizio ekosozialaren aldeko apustuan berresten gara, ekoizpen-ereduaren jasangarritasuna, ingurumena eta bizitzen zaintza uztartuko dituena, enplegua eta lan-baldintzak mantenduz.

Imarkoaingo Garraioaren Hirian mobilizatu gara, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar kopuru handia salatzeko

LAB, Hiru, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako hainbat kidek elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aitzinean, "Lan istripu gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du" lemapean, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten 9 langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako 7ren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.