2026-07-02
HomeEkintza SindikalaAuzitegi Gorenak berretsi egin du SDA Factory-ko lehen Aldi Baterako Erregulazio Espedientea...

Auzitegi Gorenak berretsi egin du SDA Factory-ko lehen Aldi Baterako Erregulazio Espedientea baliogabea izan zela #LortuDugu

Erabaki hau irmoa izateak esan nahi du enpresak hilabete horietako guztietako soldatak ordaindu beharko dizkiela langileei, lanean egon balira bezala, eta aldi horretako langabeziaprestazioen denbora guztia kontsumitu gabekotzat hartuko da, SEPErekin dagokion erregulazioa egin ondoren. Gaur, mobilizazioa egin du enpresa-batzordeak Gasteizko Andra Mari Zurian, enplegu duina eta etorkizuna dituena exijituz.

SDA Factory-ko enpresa-batzordearen oharra:

SDA Factory-ko Langileen Batzordeak jakinarazi nahi du Auzitegi Gorenak berretsi egin duela enpresak 2021eko irailetik abendura bitartean ezarritako lehen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) nulitatea. Urte horren amaieran, Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak, hasiera batean, baliogabetzat jo zuen, enpresaren negoziazio-asmo txarraren aurrean, negoziazioan zehar Langileen Batzordeari informazio garrantzitsua ukatu baitzion, eta horrek, Epaitegiaren arabera, Batzordearen zalantzak elikatzen zituen, etorkizuna izango zuen benetako enpresa-proiektu bat ote zen. Lehen epai baliogabe hori berretsi egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta orain gauza bera egin du Auzitegi Gorenak, zuzenean enpresak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ez baitu izapidetzeko onartu. Langileek mobilizazioa egin dute gaur, Gasteizko Andra Mari Zurian.

ABEEE nulotzat jotzearen erabakia irmoa izateak esan nahi du enpresak hilabete horietako guztietako soldatak ordaindu beharko dizkiela langileei, lanean egon balira bezala, eta aldi horretako langabezia-prestazioen denbora guztia kontsumitu gabekotzat hartuko da, SEPErekin dagokion erregulazioa egin ondoren.

Batzordearen ustez, agerikoa den gai bat berresten da: enpresak fede txarrez jokatu duela negoziazioetan, beharrezko informazioa ezkutatuz. Jarrera hori etengabea izan da enpresak fabrika horren ardura hartu zuenetik, eta hurrengo aldi baterako lan-erregulazioen negoziazio guztietara hedatu da, baita langileen lan-baldintzak eta etorkizuneko bermeak negoziatzean ere.

Gogorarazi nahi dugu salerosketa egin zeneko 232 langiletik gaur egungo 76 langilera igaro dela, eta horien artean enpresan berebiziko erantzukizuna zuten pertsona asko joan direla. “Enpresa mamu” bat sortu zela egoitza sozial berean eta fabrikan garatutako jarduera berarekin, hari buruzko azalpenik eman gabe, eta ondoren desagertu egin zela inolako informaziorik eman gabe. BSHrekin genuen hitzarmena aplikatzeari utzi zitzaiola, Metalaren Estatuko Hitzarmenera eta Arabako Metalaren Hitzarmeneko soldata-tauletara (gaur egun osorik aplikatzen zaigu) igaro ginelarik. Lan-sistema berri bat ezarri ziguten, zeinaren bidez aurreko gehieneko errendimendua egungo gutxienekoa den. Deuseztatutako lehen ABEEEren ondoren, beste 2 ezarri dizkigu, epaitzeke daudenak, eta beste bat gehiago iragartzen zaigu, oraingoa amaitu aurretik ere, langileen langabezia-prestazioak gehiegikeriaz kontsumituz eta baliabide publikoak irregularki eskuratuz, azken epaian ondorioztatu den bezala. Denbora horretan, lan-karga beste leku batzuetara desbideratu da; enpresa-hitzarmenaren negoziazioak geldirik daude, eta PRECOren eta Lan Sailaren esku-hartzeak ez du inolako itxaropenik edo aurrerapenik ekarri.

Garrantzitsua da azpimarratzea B&B TRENDS jabe berriak Gasteizen etekin ikusgarriak lortu dituela aurreko BSH BOSCH jabearekin hornikuntza bermatzeko etapan, eta, zoritxarrez, mozkin horietako bat ere ez dela inbertitu Gasteizko lantegia etorkizunera begira jartzeko. Ali Gobeoko lantegiaren jabe berria langileak zigortzen ari da, ziurgabetasun handiko egoera bati eutsiz eta ZELMER eta UFESA markak lortzeko espekulazio-eragiketa bat gauzatu izanaren susmoa elikatuz, kaudimen handiko enpresa bat desegitearen kontura. Marka horiek arrakasta handia eskaintzen dizkiote gaur egun, baina gure lantegitik urrun.

 Horregatik guztiagatik, langileek mobilizatzen jarraitzen dute, gaur Gasteizko Andre Maria Zurian egin duten bezala, enplegu duina eta etorkizunekoa aldarrikatzeko. Era berean, negoziazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, langileentzako lan-baldintza duinak eta enplegua mantenduko dela eta industria-jarduera hemen egingo dela bermatuko duen akordio bat lortzeko, hau da, ziurtatuko duena ez dela fabrika deslokalizatuko, ezta desegingo ere. Hain zuzen ere, deslokalizazioa saihesteko eta fabrika indartzeko formulak bilatzeko helburuarekin, batzordeak bilera bat eskatu du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

ECS Mobilityri ohartarazten diogu zigorgabetasunak ez duela betiko iraungo

Lebarion, Zaldibarren eta Ermuan lantokiak dituen enpresa horretako langile askoren artean kezka sakona sortzen duen egoera bat gertatzen ari da azken hilabeteotan enpresak aurrera eraman duen politika dela eta: kaleratze selektiboak, hitzarmen kolektiboaren hainbat atal behin eta berriz ez betetzea, lan-baldintzak okertzea eta langileen artean ziurgabetasun eta presio giroa eragin duten erabakiak.

Lau elkarretaratze Iruñean, Testak egin nahi duen ariketa espekulatiboaren aurka

Sanduzelai, Arrotxapea Buztintxuri-Artika eta Ipar Etxabakoitzeko bizilagunek, LAB sindikatuarekin batera, lau elkarretaratze egin dituzte aldi berean, Testa funts putrearen jabetzan dauden etxebizitzen egoera salatzeko eta Nafarroako etxebizitza-parke publikoan sartzea eskatzeko.