2026-08-02
HomeEkintza SindikalaLAB, CCOO eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen dugu Bizkaiko metalgintzako gatazkaren...

LAB, CCOO eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen dugu Bizkaiko metalgintzako gatazkaren konponbidean

2021eko azaroan Bizkaiko metalaren negoziazio-mahaia eratu zen. Urtebete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dugu, patronalaren etengabeko blokeoa dela eta.

Azken 5 greba egun arrakastatsuen ondoren, berriz ere negoziazioari eskua luzatu genion, eta erantzukizunez jokatuz, abenduaren 21ean egindako azken bileran, gehiengo sindikalak, gure plataforma aldatu genuen, azken hilabetean hirugarrenez. Bilera horretan, akordiorik eza alde batera utzita, arazoak FVEMek negoziazioan erakutsitako borondate falta eta jarrera harroa izan ziren; izan ere, plataforman egindako aldaketak onartezintzat jo zituen eta sindikatuak aseezinak zirela esan zuen. Bilera data berririk gabe amaitu zen.

Joan den abenduaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia prest agertu zen bere Sailak balizko bitartekaritza batean parte har zezan, aldeek hala eskatzen bazuten; bada, Bizkaiko metalaren mahaiko gehiengo sindikalak formalki eskatuko dio Sail horri parte har dezan, metalaren gatazka konpontzeko bidean aurrera egiteko, 11 greba-egun pilatu baititu dagoeneko.

Bizkaiko metalaren hitzarmena , hitzarmenik zabalena da eragiten dien langile kopuruagatik (56.000 inguru). Sektoreko langileak hitzarmen honen alde eta lan-baldintzen alde borrokatzeko prest agertu dira.

Erabateko blokeoa eta negoziazioa mespretxatzen duen eta sektoreko lan-baldintzen erantzule egiten ez den patronalaren jarrera honen aurrean, uste dugu Eusko Jaurlaritzak esku har dezakeela eta eragile aktiboa izan daitekeela gatazka konpontzeko. Negoziazio- mahaiko gehiengo sindikalak (LAB, CCOO eta UGT) Lan eta Enplegu Sailari eskatzen diogu gatazka honetan bitartekari izan dadila, honela, FVEM ukatzen ari den negoziazio bat ahalbidetu ahal izateko. Hortaz, gehiengo sindikalak negoziazioari eskua luzatzen diogu berriro, bidezko akordio batera iristeko helburuarekin, baina FVEMek bitartekaritza hori onartzen ez badu, gatazka izango da jarraitu beharreko bide bakarra.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.