2026-09-15
HomeEkintza PolitikoaPrekaritatea handitzearen truke, enplegua egonkor

Prekaritatea handitzearen truke, enplegua egonkor

Hego Euskal Herrian langabezia zertxobait igo da aurreko hilabetetik, azaroan baino 205 langabetu gehiago baitzeuden abendu bukaeran. Urte arteko datuei dagokionez ordea, iaz baino langabe kopuru txikiagoa dago. Datu orokorrez gain, interesgarria da kolektibo kalteberenen datuen bilakaera ikustea, sortzen eta deuseztatzen den enpleguaren kalitatearen inguruko informazioa ere jasotzen baitugu.

Emakumeak. Urte arteko datuei erreparatuz, arreta deitzen du adin tarte eta herrialde guztietan emakume eta gizonen langabeziaren bilakaerak joera desberdina izan duela. Nafarroako Foru Erkidegoan (NFE) esaterako, gizonen langabeziak %4,6 egin badu beherantz, emakumeenak gora egin du %1,1ean. Joera hori herrialdez herrialde errepikatzen da, eta emakumeen langabezia murriztu den herrialdeetan ere gizonezkoena baino proportzio txikiagoan gutxitu da. Hilabete arteko datuei erreparatuz ordea, emakumeen langabeziak beherantz egin du ia herrialde guztietan, gizonezkoenak gorantz egin duen bitartean.

Gazteak. 25 urte azpiko langileen langabeziak beherantz egin du, bai urte arteko datuei dagokionez, batez bestekoa baino gehiago murriztuz eta baita hilabete arteko datuei dagokienez ere. Datu horiek sortzen den enpleguaren kalitatearen inguruan gogoeta egin beharra erakusten dute. Izan ere, gazteek betetzen dituzten enplegu prekarioak dira sortzen ari direnak.

Lan erreforma burutu zenean, behin-behinekotasunaren ordez bestelako ezegonkortasun egoerak sortuko zirela genion, eta horrela ari da izaten, aldizkako finkoen figura indartu baita lehenago behin-behineko kontratua zutenen kalterako. Edonola ere, behin-behinekotasuna oso modu indartsuan mantentzen da oraindik, kontratu berri guztien %76,25 izateraino.

Datuak datu, langileriak badaki zein den bere eguneroko ogia: ezegonkortasuna eta prekaritatea enpleguan, prezioen garestitze orokorrek eragindako pobretze automatikoa, zerbitzu eta prestazio publikoen murrizketen ondoriozko pobretzea. Krisi ekosozial betea da bizi duguna, hiru langiletik bik prekarietate egoera bizi du, ezin dugu errealitatea eraiki datu horiekin.

Urgentziazko neurriak ezarri behar dira berandu baino lehen. Neurri horiek aberastasunaren bidezko banaketari erantzun beharko diete, baita zerbitzu publikoak indartzeari edota krisi ekologikoari bidezko aterabidea emateari. Eta horretarako, burujabetzen urratsak eman eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzen hasi beharko gara gaurdanik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldeko politiketan suspentsoa atera duela ohartarazi diogu Pradales lehendakariari

Errondaren ekimenari sinesgarritasuna kendu, eta behingoz bizitzaren prekarizazioan sakontzen duten politikak alboratzeko eskatu diogu, politika neoliberalei eustea faxismoarentzat bazka baita.

2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai gainean jarri ditugu

EHUko ikasturte hasiera ekitaldiaren harira, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Gasteizko Letren fakultatean. Aurten ere, 2026-27 ikasturtearen hasieran unibertsitate...

Bizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu patronalaren egoitzaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa publikoki salatzeko eta, batez ere, greba iragartzeko.