2026-09-30
HomeIndustriaIndustria KimikoaRoal CB enpresako langileak hitzarmena aplikatzea lortu dute

Roal CB enpresako langileak hitzarmena aplikatzea lortu dute

Cikautxoko azpikontratetan, prekarietatea borrokatuz, lan baldintzak hobetzea lortu dute. Orain arte 900 euro gordin kobratu dute gaur egun arte (800 euro garbi) 12 hiletan aparteko pagak barne. Egindako borrokari esker, akordioa lortu dute eta uztailean, hitzarmenak ezartzen duen soldata jasoko dute.

Kimiketako estatu mailako hitzarmenak 1.300 eurotako soldata gordina ezartzen du 12 hiletan (pagak barne). Soldata prekarioa, kontuan hartzen baditugu ezarri behar zaizkien kenkariak (PFEZ, gizarte segurantza). Hori horrela izanik, hitzarmenak ezartzen duena ere kobratzen ez duten langileen egoera zein da? Ze egoeratan egon dira orain arte Roal CB enpresako langileak eta beste azpikontrata batzuetakoak langileak? Pobreziara kondenatuta egon dira, eta oraindik horrela daude langile asko eskualdean, gure auzokideak, herritarrak, lankideak,..

Apirila eta maiatzean egin zuten publiko beraien egoera Roal CB enpresako langileek, baina urteak daramatzate pobreziara kondenatuta. 900 euro gordin kobratu dute gaur egun arte (800 euro garbi) 12 hiletan aparteko pagak barne. Errentako aitorpenik ere ez dute egin behar izan! Orain, borrokaren ondorioz, akordioa lortu dute eta uztailean, hitzarmenak ezartzen duen soldata jasoko dute. Gainera, azken hileetan enpresak dagokiena ez ordaintzeagatik sortutako zorra ere hilerik hile kobratzen joango dira, soldatarekin batera.

Zorionak Roal CBko langileei. Zorionak, zuen borrokarekin prekarietateari zaplazteko ederra eman diozuelako. Zorionak enpresari haginak erakusteagatik, nahiz eta horrek egunerokotasunean ondorio larriak izan dituen zuentzat. Zorionak batu izangatik, zuen arteko elkartasunak eman dizuelako indarra eta garaipena.

Zorionak eta eskerrik asko! Sarri ahaztu egiten zaigu eta zuek berriro erakutsi diguzue: borroka ezinbestekoa da, eta gainera, balio du. Gure eskubideen alde borrokatzeak merezi du. Duintasunez, harrotasunez, elkarrekin… dena dugu irabazteko. Eta lor daiteke!

Baina oraingoan, ezin ahaztu, gaur egun ere, badagoela langile mordoa Cikautxoko hainbat azpikontratetan etxera 800 eurotako soldatak eramaten, oporretarako eskubidea mugaturik, ebentualtasunera kondenatuta, lan-osasunerako eskubidea hutsaren hurrena bihurtuta, etab. luzea. Roal CB enpresan ikusi dugu aldaketa posiblea dela. Langileen erabakia da horretarako beharrezkoa: erabakia hartu eta bideratzea.

Lagunonbi, Azken Ikutu, Aurrez eta beste enpresa batzutatako langileak animatu nahi ditugu. Hartu erabakia eta esan ozen: “Nahikoa da! Ez dut nahi gehiago lapurtzerik!” LAB sindikatua, Roal CBko langileak eta beste hainbat azpikontratetakoak eurekin izango ditugu bidean laguntzeko, gutxienezko lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena eurek ere lortzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...