2024-05-06
HomeEkintza SindikalaNafarroako metalgintzako hitzarmena borrokatzeari uko egitearen ondorio garbia izan da

Nafarroako metalgintzako hitzarmena borrokatzeari uko egitearen ondorio garbia izan da

Urriaren 25ean, aurreikusten ahal zena gertatu zen. Ohituta gaituzten moduan, UGTek eta CCOOk, erregimenaren sindikatuek, langileen behar eta interesei erantzuten ez dien metalgintzako hitzarmen bat sinatu dute beraien aliatu nagusiarekin, patronalarekin. Gaur LABeko sektoreko delegatuen batzarra egin dugu, akordio honen inguruko azalpenak emateko eta egiten dugun balorazioa partekatzeko.

Erran beharra dugu hagitz garrantzitsua iruditzen zaigula emaitza baloratzeko orduan, gehiengo sindikalaren inongo borrokarako borondaterik gabe negoziatutako hitzarmen bat izatea. Honek zuzenean suposatzen du lortutako edozein emaitza, soldata igoerarena adibidez, hobetzeko aukera zegoela eta horri uko egin zaiola. Beraz, LABetik egiten dugun balorazioa ez da ona izaten ahal.

Edozein kasutan, bereziki larria iruditzen zaigu lorpen moduan saldutako hainbat punturen ordainsaria. Ordainsari horietako bat, garbiena, malgutasunaren erregulazio berria da, hau handituz, bere erabilera erraztuz eta konpentsazioa prekarizatuz. Baina hau ez da bakarra izan, azpimarratu beharra dugu ere bidean gelditu direla hainbat kontu, sektorearen errealitatea kontuan hartuta, funtsezkoak direnak; subrogazioa, ABLEen erabileraren mugatzea, lanaldi murrizketa… Azken hori etorkizunerako ezinbertzeko gaia iruditzen zaiguna, enplegua mantentzeko eta zaintza lanak banatzeko ere.

Argitu behar dugu ere, lorpen moduan azaldu diren hainbat kontu, hitzarmenean gomendio moduan bilduko diren puntuak direla; hau da, ezer ez. Tartean 55 urterekin lanaldia murrizteko aukera, baina soldata murrizketarekin, beraz pentsioa txikituz.

Adostutakoa nahiko genuena ez bada ere, orain aitzinera begiratzeko garaia da, eta horretan bi kontu aipatu behar ditugu, alde batetik hitzarmen sektorialak batasunean oinarritutako hitzarmenak direla eta ahalik eta langile gehien babestu behar dituztenak, horregatik, gure ustez, duela hilabete batzuk aipatzen hasi ginen moduan, Iturgintza eta Konponketa Tailerrak bezala hitzarmenak (bien negoziazioak irekita daude, baina blokeatuta) metalgintzara itzuli beharko ziren, sektore txiki hauei babes handiagoa emateko eta hurrengo hitzarmenean indar gehiago batzeko hitzarmen duin baten alde. Eta, bertze alde batetik, gaur egun, UGTek eta CCOOk Metalean duten gehiengoa (%53), eta langileriaren lan baldintzak hobetze aldera gutxirako balio duela frogatu dena, desagertzeko lanean hasi behar gara, horretarako 2022-2023ko hauteskunde sindikaletako epealdi trinkoa funtsezkoa izanen da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.