2025-12-06
HomeEmakumeakMartxoak 8MARTXOAK 8: Emakumeontzat aukera berdintasuna prekarietatearen kontra

MARTXOAK 8: Emakumeontzat aukera berdintasuna prekarietatearen kontra


 Berdintasunaren bidean: 35 ordu eta 1.200 euro (IRITZIA.- Izaskun Garzia, LABeko kidea)
 Emakumeok iraultzarako prest gaude (Euskal Herriko Koordinadora Feminista)


EMAKUMEONTZAT AUKERA BERDINTASUNA PREKARIETATEAREN KONTRA
35 ORDU eta 1.200€

Martxoaren 8an, zortzi baino hamaika arrazoi ditugu emakumeok berriz ere kalera atera eta gure ahotsa ozen azalarazteko. Izatez, oraindik ere ugariak dira emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan pairatu beharreko diskriminazioak, eta hainbatetan aldarrikatutako aukera berdintasunetik urrun jarraitzen dugu.

Egun indarrean den sistemak, esparru pribatuan egiten diren etxeko lanen zein zaintza lanen erantzukizuna emakumeon gain kokatzen jarraitzen du. Hori bai, sistemaren biziraupenerako ezinbestekoak diren lan horiei inolako aitortzarik eman gabe, jendarteari zein ekonomiari egiten dioten ekarpenaren aurrean ezikusiarena eginez. Asko dira eredu horren baitan eroso sentitzen diren gizonezkoak ere, dituzten pribilegioei heldu eta erantzunkidetasunean aurrera urratsak emateko prest ez daudenak. Ardura horiek nagusiki emakumeen gain egotea ez da bidezkoa, eta gainera, lan mundurako sarbidea oztopatu egiten digute emakumeoi; lan merkatuan sartzea lortzen dugunean ere, erabat baldintzatuta gaude.

Egungo sistemarentzat emakumeak lan munduan egotea subsidiarioa da, bigarren mailakoa, gure lana gizonezkoen lanaren osagarri gisa ulertzen baita. Hala, aitortzarik txikieneko eta lan baldintzarik prekarioeneko enplegura bideratzen gaituzte. Emakumeok prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko nahi gaituzte, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea ukatzen digute, baina emakumeok ez dugu gure borrokan etsiko.

Hierarkia harremanetan baino errespetuzko harreman justuago batzuetan oinarritutako jendarte eta sistema baten alde lan egiten jarraituko dugu, lanaren ikuspegi integrala barneratuz, lan guztien aitortza egin eta egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen lan harreman eredu berria eraikitzeko. Subjektu gara, geure buruaren jabe gara eta eskubideak ditugu. Dagozkigun eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu. Prekarietatea gainditzeko, lanaren eta aberastasunaren banaketan aurrera egiteko, emakumeok 35 orduko lanaldiaren eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren adarrikapenak gureak egiten ditugu.

35 ORDU
Emakumeon lana gizonen lanaren osagarri gisa ulertzeak emakumeak modu orokor batean lanaldi partzialetara bideratzea ekarri du. Datuak esanguratsuak dira: lanaldi partzialean diharduten langileen ia %78 emakumeak dira, eta ez eurek hala erabakita, sistemak hala ezarri dielako baizik. Emakume askok, hilabete bukaerara iristeko, lanaldi partzialeko hainbat lan egitea beste aukerarik ez dute. Horregatik 35 orduko lanaldiaren aldarrikapenaren enplegu banaketari heldu nahi diogu, emakumeoi 35 orduko lanaldia bermatuko digun enplegu duina aldarrikatzen dugu.

1.200 EURO
Oraindik ere emakume eta gizonen soldaten arteko berdintasuna lortzetik urrun gaude. Soldaten arteko arrakala nabaria da, INEk kaleratutako azken datuen arabera, EAEn emakumeen urteko soldata (azken erreferentzia 2013koa) gordinaren bataz bestekoa gizonezkoena baino 7.625 euro gutxiagokoa izan zen, eta Nafarroaren kasuan 8.484 euro gutxiagokoa. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herrian emakumeen soldata %35 baino gehiago igo beharko litzatekeela gizonen soldatarekin parekatzeko.

Soldata arrakala handia izateaz gain, emakumeok lan munduan ditugun lan baldintzak prekarioak dira: derrigorrezko lanaldi partzialak, lan merkatu araututik kanpo geratzen diren lanak egitera behartuak egotea etab. Ondorioz, emakumeak 1.200 euroetara heltzen ez diren lansariak jasotzea ohikoa bilakatu da. Emakumeen kasuan pobrezia erreala %6,1ean ezartzen da eta gizonen kasuan %5,5ean. Egoera honen aurrea, emakumeok ere Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izateko borrokatuko dugu, prekarieaukera berdintasuna aldarrikatuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...