2024-05-06
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakHezkuntza Saila, itsua, gorra, mutua eta enpresekiko kolaboratzailea da

Hezkuntza Saila, itsua, gorra, mutua eta enpresekiko kolaboratzailea da

Katering enpresa eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren arteko eskandalua ateratzea denbora kontua baino ez zen. Izan ere, LABek hainbatetan eta bide ezberdinez salatu izan du egoera hau. Eusko Jaurlaritzako langilegoak sarri atera du argitara, enpresek menuetan jangaien kantitate eta kalitatea eskas ematen zutela. Enpresa hauetako langileek ere askotan salatu dute Eusko Jaurlaritzak egindako kontratazioetatik zenbateko etekin ekonomikoa ateratzen zuten enpresek.

Gure salaketa guztiek ordea, ez dute deusetarako balio izan, Hezkuntza Sailak gure salaketa guztien aurrean nahita entzungorrarena egin du.

Etekin ekonomikoei dagokienez, jada erakutsitakoaz gain ezer gutxi berri gehitu dezakegu guk. Baina komeni da gogoratzea kontratazio orotan nahitanahiez bete behar diren baldintza plegu administratibo eta teknikoak daudela, Eusko Jaurlaritzak idatzi eta adosten dituenak. Bete beharreko baldintzak gainera ez dira gutxi, eta bere burua garden eta arduratsutzat duen edozein Administraziok, baditu, izan behar ditu edo izan beharko lituzke baldintzok betearazteko eta kontrolatzeko beharrezko mekanismoak.

Beraz, LABetik zera diogu, kasu honetan baldintzak betetzen zirela kontrolatu ez bada, Hezkuntza Sailak nahi izan ez duelako izan da, eta beraz, Hezkuntza Saila da trama guzti honen azken erantzulea.

Horregatik diogu Cristina Uriarte ezin dela azaldu auzi honetan ardurarik izango ez balu bezala. Argi dugu, eta horrela salatzen dugu, hiru gobernu izan direla honen arduradun zuzenak, Ibarretxerena, Patxi Lopezena eta orain Urkullurena, baina orain Cristina Uriarte da azken arduraduna, eta hala seinalatzen dugu.

Hezkuntza Sailburuak ezin du, beste barik, enpresek eta berak zuzentzen duen Sailak egindako iruzur honek familiengan eraginik izan ez duela esan. Hori ez da horrela, familiak ez behin, baizik eta bigarrenez pairatu dituzte egoera honen ondorioak. Alde batetik, urterik urtera izandako kuoten igoeragatik, eta bestetik, gainerako herritarron modura, zerbitzu hau hornitzeko Ogasun publikoaren zergadun bezala.

Afera guzti honetan bada beste kolektibo kaltetu bat, jantokietako langileen kolektiboa hain zuzen ere. Kolektibo honek hiru urte jarraian egin zituen bere lan baldintzak negoziatzen, 40 egunetik gorako grebak egin behar izan zituzten, gatazka honetan zehar enpresek langileen eskakizunak arrazoi ekonomikoengatik asumiezinak zirela esaten zuten behin eta berriz. Enpresek ordea, diru etekin handiak ateratzen zituzten kontratazioetatik, izan ere Hezkuntza Sailak, orduko ordaindutako 25 euroetatik langileek 12 euro besterik ez baizuten jasotzen. (Gogoratu enpresa hauen dedikazioa menuak egitea dela, eta ez kontratazioa). Auzi honen biktimak langileak, eskola umeak, eta familiak izan dira.

Hortaz, Uriarte Sailburua erantzule nagusitzat seinalatzen dugu eta bere dimisioa eskatu besterik ez zaigu geratzen. Hezkuntza Saila izan da, bere ekimenez edo bere hutsegitez, ustelkeria kasu honetann beharrezko kolaboratzailea, eta 7 milio euro kendu izanaren biktimak, eskola umeak, gursasoak, langileak eta herritarrak izan dira.

2000 urtean erabaki zen eta egundo behin ere eguneratu ez den kudeaketa eredu hura zaharkitua geratu da, edo zaharkitua baino, garbi geratu da guztiz eredu okerra dela jantokietako elikadura bezalako gain sentiberetan. Jantokien kudeaketa orain 16 urtekoa da, familia eta langileen eskakizunei entzungor eginez inongo bilakaerarik gabe jarraitzen duelarik.

Gertatutakoaren harira Uriarte Sailburuak zerbitzuaren kalitatea bermatu egingo dela adierazi du, hau guztiz faltsua da. Izatez, dagoeneko kalitatearen galera nabarmena da, kexak eguneroko kontu bilakatu dira, eta orain hiru aste esleipenak aldatu zirenean areagotu dira. Inzidentzia pila dago zerbitzuaren kalitate eta lan baldintzen inguruan.

Kudeaketa modu honek ez du balio, eta kudeaketa gardena izango duen kalitatezko zerbitzua izan, eta lan baldintzak hobetu nahi baditugu bestelako eredu integral eta integratzailea eraiki behar dugula garbi dago.

LABek, jantokietako zein irakaskuntzako lehen indarra izanik, sare publikoko jantokietako funtzionamendu eta kudeaketa modua aztertzeko hiruko mahai bat osatzea proposatzen du, administrazioa, familiak eta langileen partehartzarekin (irakasleak zein jantokietakoak). Funtzionamendu berri bat adostu behar dugu, funtzionamendu berri bat lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea eta gardentasuna bermatuko dituena. Mahai hau ahalik azkarren osatu dadila exijitzen dugu ahal dela datorren ikasturteari begira abian jar dezagun.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.