2024-05-05
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaAiaraldeko euskalgintza kontseilua jaio da

Aiaraldeko euskalgintza kontseilua jaio da

40 erakundek —horien artean LAB sindikatuak—Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu dute. Osatu berri den kontseilu honen helburu nagusia euskararen normalizazioaren alde elkarlanean aritzea izango da. Horretarako, ahalik eta eragile gehienen elkarlana sustatuko du kontseiluak. Erakunde berriaren xedea da Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntze­ko euskarriak sortzea.

Eskualdeko hainbat esparrutako 40 entitatek osatu dute Euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko helburua duen Kontseilua

Pasa den ostiralean, otsailak 12, Laudioko kultur-etxean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu zen hamarnaka hezkuntza zentro, kultur eta kirol elkarte, euskararen normalizazioan ari diren erakunde eta entitate eta norbanakoen parte hartzearekin.

Duela bi urte, euskararen normalizazioan ari diren zenbait lagun bildu ziren Aiaraldea eskualdean (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo) euskalgintza indartzeko eta sustatzeko helburuarekin. Bilera horietatik udalerriz-udalerri euskararen egoeraren azterketa egin eta bi ondorio nagusi agertu ziren: euskara-kirola eremua lehentasunezko lan-esparrua dela eta normalizazioaren bidean eragile ezberdinak elkarlanean aritzeko gune bat osatu beharra zegoela.

Bigarren helburu handi horren emaitza da orain sortu den Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen normalizazioan parte hartzen duten eta parte hartu nahi duten hamaika eragileren elkarrekintza eta sinergiak bilatuko dituen gunea.

Eskualdeko Euskalgintza Kontseilua egitasmoa lantzen aritu izan gara hilabeteetan; lantaldeak, helburuak, osaera, baliabideak, metodologia zehazten… Proposamen zirriborro bat prestatu eta euskalgintzako beste pertsona batzuekin partekatu genuen azaroan Amurrion. Bertan hamaika elkarte, erakunde eta norbanako batu ginen, Kontseilua osatzeko urratsa emateko prest agertuta.

Jaio berri den Kontseiluaren helburuak dira, besteak beste, Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntzeko euskarriak sortzea, erreferente izatea eta instituzioekiko eta entitate pribatuekiko interlokuzio aktiboa izatea.

Azken bizpahiru hilabeteko egitekoa izan da entitate (hezkuntza, ekonomia, instituzioak, aisialdia, kultura…) ezberdinen atxikimendua eta parte-hartzea bideratzearekin batera, Aiarako Kuadrilako presidentearekin eta udaletako alkateekin zein euskara teknikariekin bilerak egin eta egitasmoa aurkeztea, Kontseilu honi babesa eman eta elkarlanean aritzeko gonbitea egiteko. Instituzioek harrera ona egin diote proiektuari eta datozen hilabeteetan Kontseiluaren eta 10 instituzio horien arteko elkarlan-esparrua zehaztea da gure asmoa.

Ostiraleko batzar eratzailearen ondoren, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzean izango du hurrengo batzarra. Ordurako, lehen Kontseilu eratzailean izendatutako Talde Eragileak 2016ko plangintza eta aurrekontua landu, elkartea legeztatu, instituzioekiko hitzarmenak bideratu eta beste zenbait lan gauzatuko ditu.

Euskararen normalizazio lanean zeregin garrantzitsua izango den foroa sortu dugu behean sinatzen dugunok, baina nabarmendu nahi dugu Kontseiluak ateak zabal-zabalik dituela edozein erakundek edo pertsonak
bertan parte hartu dezan. Lehen harria jarri dugu, etorkizuna gure eskualdean euskaraz biziko den konbentzimendu osoz.

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUKO KIDEAK

• OROZKOKO ERDU EUSKARA BATZORDEA (OROZKO)
• URDUÑAKO ESKOLA (URDUÑA)
• OKONDO ESKOLA (OKONDO)
• ARRANKUDIAGA ESKOLA (ARRANKUDIAGA)
• LAUDIO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXEKO HNP TALDEA (LAUDIO)
• URDUÑAKO AINTZINAKO ANDRA MARI IKASTETXEA (URDUÑA)
• VIRGEN NIÑA IKASTETXEA (AMURRIO)
• ERDU GUGAZ ARRANKUDIAGAKO ESKOLAKO GURASO ELKARTEA (ARRANKUDIAGA)
• AIARA DANTZA TALDEA (AMURRIO)
• LATIORRO ESKOLA (LAUDIO)
• LAUDIOKO UDAL LANBIDE HEZIKETA IKASTETXEA (LAUDIO)
• OROZKOKO ESKOLA (OROZKO)
• ETXAURREN IKASTOLA (AIARA)
• LAUDIOKO UDAL EUSKALTEGIKO LANGILEAK (LAUDIO)
• LA MILAGROSA IKASTETXEA (LAUDIO)
• AMURRIOKO PILOTA ELKARTEA (AMURRIO)
• GOIKOGANE MENDI TALDEA (LAUDIO)
• AIARAKO EUZKO GAZTEDI (EGI) (AIARA ESKUALDEA)
• LAUDIOKO GAZTE ASANBLADA (LAUDIO)
• AIARALDEKO ERNAI (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARALDEKO BERTSO ESKOLA – AIEBE (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARAKO LAB (AIARA ESKUALDEA)
• AIARAKO ELA (AIARA ESKUALDEA)
• STEE-EILAS AIARA (AIARA ESKUALDEA)
• NERBIOI ERRUGBY TALDEA (AIARALDEA ESKUALDEA)
• LUCAS REY ESKOLA (AMURRIO)
• BELAIKI EUSKARA ELKARTEA (BARANBIO)
• MENDIKO LAGUNAK MENDI TALDEA (AMURRIO)
• ZARAOBE INSTITUTUA (AMURRIO)
• ARTEKO GURE AMA ESKOLA (ARTZINIEGA)
• LAMUZA ESKOLA (LAUDIO)
• AIARAKO AEK (AIARA ESKUALDEA)
• AIARALDEKO BERBALAGUNAK (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARALDEA KOMUNIKAZIO LEIHOA (AIARALDEA ESKUALDEA)
• ARESKETA IKASTOLA (AMURRIO)
• LAUDIO IKASTOLA (LAUDIO)
• BASALARRINA EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA (LAUDIO)
• ZABALEKO ESKOLA (AMURRIO)
• LAUDIOAR TXIRRINDULARI ELKARTEA (LAUDIO)
• AIARAKO HOGEITALAU ELKARTEA (AIARA)

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.