2024-05-08
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaGurutzetako ospitaleko langileen borrokak ospitaleko sukaldearen pribatizazioa geldiarazi du

Gurutzetako ospitaleko langileen borrokak ospitaleko sukaldearen pribatizazioa geldiarazi du


Gurutzetako ospitaleko sukaldeko langileen borrokak, ospitaleko gainontzeko langileek lagunduta, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko gerentziak sukalderako “hornitzaile bakarra” izeneko sistema kontratatzeko zeukan asmoa bertan behera uztera behartu du. Aipaturiko sistema hau, bertan behera geratu dena, gaur gaurkoz primeran funtzionatzen duen sukalde erabat publikoa pribatizatzeko lehenengo urrats bezala ulertu behar dugu.

LABek, beste sindikatu batzuekin batera hartu du parte borrokan eta langileen gaitasuna, grina eta iniziatiba txalotu nahi ditu. Izan ere, Osakidetzan gero eta azkarrago zabaltzen ari den pribatizazioaren kontrako garaipen garbia da Gurutzetan gertatu dena, batez ere lentzeria, sukaldeak, garbiketa eta mantentze zerbitzuetan. Gurutzetako sukaldeko garaipenak argi adierazten du mobilizazioa eta borrokak soilik berma dezaketela kalitatezko osasun publikoa.

Gurutzetako Ospitaleko ESK, ELA, UGT, CCOO eta LABen oharra

Gurutzetako Ospitaleko zuzendaritzak bertan behera utzi du sukaldeko elikagaien horniketaren pribatizazioa

2016ko urtarrilaren 26an Gurutzetako Ospitaleko Zuzendaritzak atzera egin du ospitalearen sukaldearen zati bat pribatizatzeko bere asmoan. Zuzendaritzak bere webgunean ebazpen bat argitaratu du, bertan, elikagaien horniketan hornitzaile bakarra zehazteko prozesuan atzera egiten du.

Bi aste intentsotan zehar sukaldeko langileak eta ESK, ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek presio neurriak erabili ditugu sukaldearen etorkizuna eta hospital honetako janariaren kalitatea bermatzeko.

Konbentzituta gaude ez zegoela pribatizatzeko arrazoirik, hainbat esparrutatik onartu baita Gurutzetako ospitaleko sukaldearen kalitate altua eta koste apala. Eredu honek asebetetze-maila handia dauka erabiltzaileen artean eta ikerketa batek ere babesten du. Azken honek ondorioztatzen du Osakidetzako ospitalerik garestienak pribatizatuta daudenak direla eta honezkero hornitzaile bakarraren sistema hartu dutenak.

Gure borrokaren helburua zen irabazi asmoak baino mugitzen ez duen enpresa pribatu bat sartzea galeraztea. Eredu honekin lan egiten duten Osakidetzako beste zentru batzuetan dugun esperientzaren arabera, modu bakarra dago aipatutako irabazia lortzeko, kalitate txarragoko produktuak erosiz eta menu txikiagoak jarriz.

Honen adibide bat Nafarroako ospitaleetako sukaldeen pribatizazioan dugu. Meditarrenea de Catering enpresari azpikontratatu zitzaion bertan. Nafarroako Comptos Ganberak, Nafarraoko sektore publikoa fiskalizatzen duen organoa, egindako txostenaren arabera, 670.000 euro garestiagoa izan da azpikontratazioa. Zerbitzu berriak kalitate neurgailurik ez izatea larria dela adierazi zuen. Zentro horretako erabiltzaileek asko kritikatu zuten neurria eta euren salaketak egunkarietako orri asko bete zituen.

Langileak eta ESK, ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuak poztu egiten gara gure borrokak fruituak eman dituelako. Zuzendaritzak atzera egin du bere asmoetan eta pertsonal propioa eta kalitatea izango dituen sukaldea mantentzea ahalbideratu da.
Sortu ahal izan dizkiegun eragozpenengatik barkamena eskatu nahi diegu gaixo eta euren senideei eta bihotzez eskertu nahi dizkiegu helarazi dizkiguten babes eta elkartasun keinuak, gure borroka aurrera eramateko lagungarri izan direnak.

Barakaldon, 2016ko urtarrilaren 27an

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.