2026-10-06
HomeEkintza SindikalaDuela 19 urte hiltzat eman nahi izan zuten Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena berpizteko...

Duela 19 urte hiltzat eman nahi izan zuten Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena berpizteko konpromisoa hartu dugu

Gipuzkoako egurgintza sektorean lan egiten duten LABeko hainbat langile ordezkarik agerraldia egin dute, eta sindikatuak hartu berri duen konpromisoaren berri eman dute; 2003. urtetik hiltzat eman nahi izan den Gipuzkoako egurgintzako herrialdeko hitzarmena berpizteko konpromisoaren berri, hain zuzen ere.

Urteetan sektoreko lan baldintzek bizi izan duten utzikeria garaiak atzean utzi eta pauso bat aurrera emateko asmoz, sektoreko langileek eta sektoreak berak ere merezi duen hitzarmen duin eta beharrezko baten lorpena lantzen hastera goaz gaurtik aurrera.

19 urte igaro dira dagoeneko Gipuzkoako egurgintzako langileek hitzarmena berritu gabe dutenetik. Urte luze bezain gogorrak izan dira hauek sektorerako. 19 urte igaro dira soldatak izoztuta dituztenetik, bizi mailaren edo eros ahalmenaren %36,9a galdu dutenetik, urteko lanaldia ukitu gabe dutenetik eta erreferentziazko gainontzeko lan eta bizi baldintza guztiak errotik ahanzturan geratu direnetik.

Egurgintzako sektore hau guztiz desaraututa geratu da denbora honetan guztian, eta are eta okerrago 2013. urtean egurgintzako Espainiako hitzarmena indarrean sartu zenetik. Enpresa bakoitzaren lan harremanak hitzarmen ezberdinez arautuak daude gaur egun; enpresa barneko akordio bidez lan baldintzak adostea lortua dute batzuek, baina oraindik ere ugariak dira lan harremanetarako heldulekurik ez eta euren eskubideak babeslekurik gabe dituzten langileak.

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu itzalpeko lanak egiten, sektoreko langileongana jo eta beraien iritziak bilduaz hitzarmen honen berpizte bat bilatzeko moduak, denborak eta grinak aztertu eta aukerak neurtzen. Eta dagoeneko esan genezake iritsi dela garaia. Iritsi da garaia egurgintzako langileek ere, beste Gipuzkoako sektore ugarik bezalaxe (izan metalgintza, eraikuntza, grafikagintza…), sektoreko langile guztiontzat oinarri izango den herrialde hitzarmen duin bat izan dezagun.

Ez da onargarria gutxieneko soldata edo hitzarmen estatala izatea egurgintzako langileentzat erreferentzia. Hori aldatzera goaz. Horregatik, deia egiten diegu sektoreko patronalei prekaritate basati egoera hau aldatu eta Gipuzkoako egurgintzako langileentzako lan hitzarmen duina negoziatzeko. Borondaterik ez balego, LABek mobilizazio antolatzeko bidea hartuko du.

Hori dela eta, hemendik eta irailera bitarteko bideorri bat dugu. Alde batetik, sektoreko langileekiko bide zuzena mantenduaz eta helburuak garbi izanik, gainontzeko sindikatu guztiekin harremanduko gara elkarrekin erronka berri eta potente honi aurre egiteko elkarlanak bilatzeko. Bestalde, sektoreko enpresak interpelatzeko bide bat jarriko dugu abian, benetan uste baitugu, aspaldian usteltzen utzia den lan harremanen arautzeak langileoi ez ezik, sektoreko enpresei ere onura soilik ekarriko diela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.