2024-05-03
HomeEkintza PolitikoaNafarroak lan eremua arautzeko ahalmena eskuratu behar du enplegu politika berria egiteko

Nafarroak lan eremua arautzeko ahalmena eskuratu behar du enplegu politika berria egiteko

LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutu berriekin demokratizazioan aurrera egin eta sare publikoa ardatz gisa finkatu dela uste du, nahiz eta modu osagarrian erakunde pribatuen konkurrentzia mantentzen bada ere. 

Nafarroako Gobernuak Enplegu Zerbitzuaren estatutu berriak onartu ditu Dekretu bidez. Estatu horien gaineko balorazio zehatzari ekin aurretik, LABek gogoeta orokor bat egin nahi du: estatutu berriak ez ezik, Nafarroak lan eremua arautzeko ahalmena eskuratu behar du enplegu politika berria egiteko. Nafarroaren politika publikoak ezin dira mugatu enpleabilitatea, lan orientazioa edota enpresei begirako estimuluetara. Lan erreformak eragindako langabezia eta prekarietate testuinguruan, Nafarroako Gobernuak nahiz Parlamentuak lanaren eta ondasunaren banaketarako neurriak sustatu behar dituzte, lan harremanetarako eredu propioa egituratuz. 

Atzo onartutako estatutuei dagokionez, Nafarroako Enplegu Zerbitzua demokratizatzeko aurrerapausua suposatzen dute, %10eko ordezkaritza gainditzen duten sindikatuen parte hartzeari bide ematen diolako. Hala ere, estatutuak berritzeko prozesuan aipatu bezala, portzentaia horretara heltzen ez diren sindikatuei begira parte hartzeko bideak irekitzea eskatzen du LABek. 

Era berean, sindikatu nahiz patronalaren parte hartzerako guneak eta baliabideak banatzeko egitura bereiztu izana ontzat ematen du LABek, era horretan Patronala, UGT eta CCOOen praktika endogamikoak eragozteko; esku batekin eman eta bestearekin jasotzen baitzuten lehen. 

Bestalde, LAB sindikatuak egindako hiru ekarpen garrantzitsu jasotzen dituzte estatutuek: 

1. Enplegurako zerbitzuen sare publikoa, titularitate eta kudeaketa publikoduna, “enplegurako zerbitzuen sistema publikoaren ardatz egituratzaile eta funtsezko”tzat jotzen da (4.2 artikulua) eta eragile eta erakunde publikoek sustatutako ekintza guztiak sistema integratu batean biltzea planteatzen da (4.3 artikulua).

2. Hezkuntzako Sailak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kontseiluan parte hartuko du, Lanbide Heziketako zuzendari orokorraren bidez. Lanbide heziketako ikastetxe publikoekin eta bereziki zentro integratuekin sinergiak sustatzeko neurri beharrezkoa da hau. 

3. Enplegurako sarbidean aukera berdintasuna bermatzeaz aritzen den 2000/78/CE Europako Zuzentarauari erreferentzia zehatza egiten zaio. Ildo honetan, Nafarroako enpresa askotan genero, afiliazio sindikal, jatorri edota beste edozein arrazoiengatik ematen den diskriminazioarekin amaitu beharra dago. 

Alabaina, enplegu politika aktiboetan erakunde pribatuen konkurrentzia eta zehazki sindikatu eta patronalaren parte hartzea osagarritzat jotzen da (4.4 artikulua). LAB irizpide honen kontra dago; LABen iritziz sindikatu nahiz enpresari elkarteek ordezkaritzaren araberako finantziazio publiko objektiboa jaso behar dute Nafarroako aurrekontuetatik, baina ez enplegu politika aktiboetako funtsetatik. 

Ildo honetan, aurrekontuen aurreproiektuan hitzarmenetarako diru-partida aldatu egin da: alde batetik, “CEN, UGT y CCOOekin hitzarmenak” izatetik “Sindikatu eta enpresari elkarteekin hitzarmenak” izatera pasa dira; bestetik, aurreikusitako diru kopurua %50,97ean murriztuko da, “enpresak bisitatu”, “triptikoak banatu” eta antzeko ekintzak aurreikusten zituzten hitzarmen polemikoak ezabatuz. LABen ustez neurri hauek ez dira nahikoak: aurrekontuen aurreproiektutik partida osoa ezabatzea eskatzen dugu, lehen aipatutako arrazoiengatik. Jarrera honekiko koerentziaz, aipatutako hitzarmenetara aurkezteari uko egiten dio LABek. 

Azkenik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan balizko parte hartzearen inguruan iritzia eskatuko die LABek bere sail sindikalei.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.