2026-10-06
HomeEkintza SindikalaLangile bat hil da Etxabarriko Pepsico enpresan bihotzekoak jota, lan karga...

Langile bat hil da Etxabarriko Pepsico enpresan bihotzekoak jota, lan karga eta erritmo altuak tarteko

Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Etxabarriko Pepsico enpresan, Araban. Aurtengo 26. hildakoa Euskal Herrian lan istripuan hain zuzen, 7. ez traumatikoa zehazki. Langileak bihotzekoa izan du bere lanpostuan lanean ziharduela. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.

Jakin dugunaren arabera, Pepsico enpresako langilea izan da hildakoa eta lan karga altuak eta erritmo gogorrak salatzen dituzte bertako langileak. Ez da harritzekoa hortaz, laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan, heriotzaraino.

Nabarmena da eta denbora daramagu salatzen, egungo sistema neoliberalak, lan karga eta presio gero eta altuagoak, laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. 2022an 7 heriotz ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna.
Honela, ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun arloan ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta ikuskaritzaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?

Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?
Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Azkenik, dei egiten dugu datozen orduetan Pepsico-ko komiteak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.