2026-10-16
HomeEkintza PolitikoaEgoerak sakoneko aldaketak eskatzen ditu: enplegua, zaintza eta ondasunak banatzea

Egoerak sakoneko aldaketak eskatzen ditu: enplegua, zaintza eta ondasunak banatzea

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak egin dira publiko. Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekotik nabarmen egin du gora langabe kopuruak, 4.500 langabe gehiago, 124.400 langabe orotara.

Datu zehatzak aztertuz, emakumeen langabezia izan da igoera handiena jasan duena. Izan ere, igo den langabe kopuruaren % 95,55 emakumeak dira, 4.300 pertsona hain zuzen ere. Datu hori bat dator sektorekako azterketa kontuan hartzen badugu, zerbitzuen sektorea izan baita langabezia igoera handiena jasan duena. Zerbitzuetan daude sektore feminizatu gehienak, sektore horiek dira enplegu ezegonkorrena sortzen dutenak. Koiunturaren arabera inpaktu azkarrena jaso eta gora beherak pairatzen dituzte enplegu horien ezaugarriengatik: behin- behinekoa edo enplegu ezegonkorra eta, oro har, prekarioa. Erabili eta botatzeko enplegua da, merkatuaren arabera sortu eta desagertzen dena: urte garaiaren arabera, edo sortzen diren krisi desberdinen arabera.

Bestetik, langile migratuen langabezia tasa izugarria azpimarratu behar dugu, tasa orokorraren (% 10,44 Nafarroako Foru Erkidegoan eta % 8,69 Euskal Autonomia Erkidegoan) hirukoitzera iritsi baita hiruhileko honetan (% 31,69 eta % 24,24 hurrenez hurren). Langile migratu eta kasu askotan arrazializatuek pairatzen dituzte lan merkatuaren ondorio ankerrenak: esplotazio maila altuenak, lan prekarioak eta langabezia zein pobrezia tasa altuenak ere bai. Maiz lan baldintza horiek legez kanpo egon arren, atzerritarren legearen ondorioz sortzen den errealitatea da, kapitalak esku-lan merkea baliatzen baitu irabaziak handiagoak metatzeko.

Epe-luzeko langabeziari dagokionez, azken urteetan gero eta langile gehiago daude egoera honetan, urte bete edo gehiago lan bila. 2020an langabetuen % 40,30 baziren, 2022an % 53,86ra igo da, langabe guztien erdia baino gehiago epe luzekoak izanik. Lan merkatu dinamiko bat saldu nahi badigute ere, datuok argi erakusten dute egoera estrukturala dela eta behin langabezian egonik, lanpostu bat lortzea oso zaila dela, hainbat baldintza determinanteak izanik: adina, ikasketa maila, sexu-generoa, jatorria…

Egoera larria da. Langabeziak gora egin du, inflazioak gora, erosahalmenak behera, pentsioen errebalorizazio ez- nahikoa… Eta arazoaren muinera jo ordez langileon soldata jarri da jo puntuan patronalaren eta instituzioak kudeatzen dituzten alderdien aldetik.

Gaur, nazioarteko lan osasunaren eguna da. Bada garaia langileon beharrak, langileon osasuna, erdigunean kokatzeko. Igandean mundu osoko langileriak kaleak beteko ditu Maiatzaren Lehenean, langileon eskaera eta aldarrikapenen bozgorailu izango da. Erronka globala da, baina herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantza. Burujabetza eskuratu behar dugu, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko. Egin dezagun posible.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldundiak Gipuzkoako baso-suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eten ditu sute arrisku handiko garaia hasi denean

Uda historikoki bero eta oso tehor baten ondoren, eta iraila geroztik baso-suteen arrisku handiko garaian sarturik gaudela, hartua du erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Ondare Naturaleko Zuzendariak.

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.