2026-10-15
HomeLAB SindikatuaPeriko SolabarriaPerikori herri omenaldia egingo zaio igandean Barakaldon

Perikori herri omenaldia egingo zaio igandean Barakaldon


Hutsune ordezkaezina utzi digu Periko Solabarriak. Langile borrokalari eta langileen eskubideen defendatzaile nekaezina zen. Euskal herri euskalduna, sozialista eta burujabea helburu, duintasunak eta etengabeko lanak ezaugarritzen zuen. Berak herria maite zuen, eta herriak bera.
Igandean, ekainak 28, 12:30etan Barakaldoko Herriko Plazan, herri omenaldia eskeiniko zaio.

Lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan!
Gaur, inoiz baino gehiago, gogoan ditugu Periko Solabarriaren hitzak. Hitzak, eta ekintzak. Joan egin zaigu, ordezkaezina den hutsunea utziz, bai LABeko militante moduan, bai euskal herritar konprometitu gisa. Galera handi honen aurrean gure samina eta besarkadarik sentituena helarazi nahi diegu bere familia eta gertuko guztiei.

Hitzekin eta ekintzekin janzten zuen Perikok bere eguneroko jarduna. Beti koherente, beti tinko. Langile borrokalari eta langileen eskubideen defendatzaile nekaezina zen.
Euskal herri euskalduna, sozialista eta burujabea helburu, duintasunak eta etengabeko lanak ezaugarritzen zuen. Ekintzekin eraikitzen baitzen eredua, hala zioen eta horrela erakutsi zigun LABeko militante gisa langile-borrokari eginiko ekarpen eredugarrian ere.

Kalea izan du lantoki azken hatsa eman arte. Injustizia politiko eta sozialen aurkako borrokan, izan etxegabetzeak, izan lan gatazkak, izan kutxen pribatizazioa, izan legez kanporatzeak, izan bazterketa sozialaren salaketa… Euskal Herrian eskubide politiko eta sozialen aldeko borroka non, Periko han.

Eredu dugu Periko, eta haren militantzia. Eta horrela gogoratuko dugu, gure eguneroko borroketan bidelagun. Berak herria maite zuen, eta herriak bera. Perikorekin hasitako bideak aurrera darrai. Eta berak egindako ekarpena gurekin geratzen da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.