2026-09-30
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako helduen egoitzetako gatazka kalera eraman dugu berriro

Gipuzkoako helduen egoitzetako gatazka kalera eraman dugu berriro

Beste greba egun bat egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, langileek bizi duten egoera jasanezina dela salatzeko. Hain zuzen ere, manifestazioa egin dugu Donostian, Bulebarretik abiatuta eta Aldundiaren aurrean protesta eserialdi batekin amaituta, kalitatezko zaintza eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Hilabeteak dira Gizarte Politikako diputatu Maite Peñari bilera eskaera egin diogunetik, baina ez dugu erantzunik jaso, sektorean bizi dugun gatazka aldundiaren arazoa ez bailitzan. Bada, gaurko greba egunean beste bilera eskaera bat erregistratu dugu eta berretsi dugu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da. Hortaz, Aldundiak ezin du beste alde batera begiratu.

Honela gauzak, biltzeko eskaera berria 50 gizarte-eragile baino gehiagoren babesarekin erregistratu dugu, egoitzetako gatazka desblokeatzeko helburuarekin.

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzea beste biderik ez dago. Hurrengo hitzordua martxoaren 24an izango dugu. Egun horretan beste greba eta mobilizazio egun bat egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako Udaleko gardentasun falta salatu dugu

Informazioa lortzeko ukazio etengabeen aurrean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jotzea erabaki zuen sindikatuak, eta organo horrek aitortu du informazio hori jasotzeko eskubidea dugula.

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.