2024-05-06
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaHirugarren greba eguna Lanbiden kalitatezko euskal enplegu zerbitzu baten alde eta enpleguen...

Hirugarren greba eguna Lanbiden kalitatezko euskal enplegu zerbitzu baten alde eta enpleguen defentsan

Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorraren Sektore Mahaiaren ordezkaritzaren %100 osatzen dugun LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta lanuzteak burutu dira Lanbiden martxoaren 25, 26 eta 27an. Aldarrikapen berdinen gainean mobilizaziora deituz egiten den zortzigarren deialdiaren aurrean gaude eta gaurkoan, gatazka honek sozialki duen dimentsioa irudikatzeko, sindikatuetako idazkari nagusiak gerturatu dira Bilbon Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin den elkarretatzera.

Joseba Izaga, LABeko delegatua Eusko Jaurlaritzan
{saudioplayer}http://www.lab.eus/materiala/audioak/JosebaIzaga.mp3{/saudioplayer}

LANBIDE GREBAN
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuon oharra grebara deituz

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok, Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorraren Sektore Mahaiaren ordezkaritzaren %100 osatzen dugunok, hiru egunetarako lan-utzialdi partzialen deialdia egiten diegu Lanbide Erakunde Autonomoko langile guztiei; martxoaren 25, 26 eta 27rako, hain zuzen. Greba orduak 8:30etatik 14:00era izango dira.

Lanbideko bulegoetako tentsio egoera egunez egun larriagotzen ari da, ondoz ondoko zuzendaritza-taldeek zerbitzua antolatzeko eta kudeatzeko gaitasun eza ere jasan behar duten bitartean.

Gobernua tematu da lanpostu zerrenda prestatu eta, hortik sortuko diren postuak betetzen; halako moldez, ezin sindikatu GUZTIOK eta plantillaren gehien-gehiena sumindu eta amorratu gaituen.

Azken lau urteotan bileren segida amaigabeko zigorra pairatu behar izan dugu, baina gobernuak ez du amora eman negoziazioaren giltzarri-puntuetako batean ere, ezer ez. Ez dira saiatu benetako negoziazio bat egiten, ezta hurrik eman ere. Sindikatu guztiok susmo bera dugu: adarra jo eta baita ziria sartu ere egin digute. PNVk, Lanbide antolatzerik ez izateagatik aurreko gobernua hainbeste kritikatu zuenak, gero hankasartze berdinak edo okerragoak egin ditu. Sailburu berriak, Toña jaunak, Aburtoren lan-taldearen proposamena bere egin du eta ez du Negoziazio Mahaiaren bilerarik deitu, ezarritako planarekin aurrera eginez.

Gobernuak egin nahi duena azkenean gauzatzen bada, langileek beren lan-baldintzetan eraso bat gehiago jasango dute, baina zerbitzuan izango duen eragina ikaragarria izango da. Kudeaketa txarragatik nazka-nazka eginda dagoen plantilla batentzat, hori azken tanta izango da.

Honi gehitu behar zaio langileak jasotzen ari diren erasoen aurkako neurriak ezartzeko Lanbideko zuzendaritzak eta Gobernua erakusten ari diren gaitasun eza.

Egoera honela, dei egiten diogu sailburu, Toña jaunari, ez onartzeko jasotako herentzia; halaber, Herri Administrazio eta Justizia sailburu, Erkoreka jaunari, dei egiten diogu LPZ honen negoziazioa birplanteatu dezan, bertanbehera utz dezan onartutako LPZ partziala eta berratxikipen prozesua eta, berehala, sail biek, langileen ordezkariekin akordioak lortzeko benetako borondatea duen negoziazioa hasi dezaten eskatzen diegu.

Gobernuak bere planteamendua berriz aztertzen ez badu, lanuztean ez ezik, abian diren prozesu guztiak auzitara joango dira, eta erakundeko lan-giroa ezin asmatuzko mailaraino asaldatuko da. Egia bada, Lanbide baldintza onetan abiarazi nahi dela, langileekin batera lan egin behar da, eta ez langileen aurka.


  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.